Reala 4-3 Getafe

Beste gol festa bat eta beste garaipen bat Realarentzat

Txuri-urdinak 1-2 galtzen heldu dira atsedenaldira, baina markagailua irauli dute bigarren zatian. Kubo, Brais Mendez eta Oiartzabal izan dira golegileak; azken hori bi bider.

Mikel Oiartzabal bere bigarren gola ospatzen, Realaren laugarrena, gaur Anoetan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko irailaren 24a
16:39
Entzun

Realak Anoetan jokatu dituen ligako azken bi neurketetan bederatzi gol sartu ditu, eta sei jaso. Imanol Alguacilen taldeak markagailu motzetara ohituak zeuzkan zaleak, baina joera aldatu egin dela dirudi. Garrantzitsuena, ordea, puntuak dira, eta bi neurketa horiek irabazi egin dituzte txuri-urdinek: Granadaren aurka 5-3, eta gaur, Getaferen aurka, 4-3.

Gogotik lan egin behar izan dute donostiarrek. Espero zen moduan, hamaikakoan aldaketak egin ditu prestatzaileak. Defentsan Aihen Muñoz sartu da Tierneyren lekuan; zelai erdian Urko eta Turrientes zelairatu dira Zubimendiren eta Merinoren ordez; eta aurrealdean Umar Sadiq lehen aldiz sartu da hamaikakoan, Oiartzabalen tokian. Gainontzekoak Real Madrilen eta Inter Milanen aurka jokatu zuten berberak izan dira.

Arratsaldea bikain hasi da. Brais Mendezek baloi bat lapurtu du zelai erdian, izkin egin dio Getafeko jokalari bati, Kubori eman dio pasea, eta hark, lehenengoan, sareetara bidali du baloia. Kontua ez da, ordea, nola hasten den, nola amaitzen den baizik. Eta, egiari zor, lehen zatian Getafek Realak bezain ondo edo hobeto jokatu du.

Txuri-urdinek ez dute ia gol aukerarik sortu. Madrildarrek ere ez asko, baina bi gol sartzeko adina bai. Lehenengoa Aleñak sartu du, buruz, Getafen Realak utzita ari den Diego Ricoren erdiraketa bat baliatuta. Bigarrena, luzapenean, penaltiz, Borja Mayoralek. Bigarren zatiak itxura txarra zuen Realarentzat.

Aldaketak, gakoa

Izan ere, hasi, ez da bereziki ondo hasi bigarren zatia. Gainera, gauza jakina da Jose Bordalas entrenatzailearen taldeak gogorrak direla, baita azpijokoetan trebeak ere; ez da gustagarria markagailuan atzetik izanda haien aurka jokatzea. Alguacilek Zubimendi, Merino eta Oiartzabal zelairatu ditu 58. minutuan, eta hor aldatu dira kontuak.

Baloiaren jabe egin da Reala, eta 60. minutuan Mitrovicek penaltia egin dio Brais Mendezi. Oiartzabalek sartu du, David Soria atezainak intentzioak asmatu dizkion arren. Bost minutu geroago, alboko sake bat urruntzen ez du asmatu atezainak, eta akatsa baliatu du Mendezek berak gola sartzeko. 66. minutua zen, eta berriz ere aurretik zen Reala.

Minutu onak jokatu ditu etxeko taldeak, nagusitasun irudia emanez. Mendezek, partidako jokalari onenak, beste pase bikain bat bidali du areara 88. minutuan, Merinok Oiartzabali utzi dio, eta eibartarrak bere bigarren gola sartu du. Norgehiagoka amaitutzat jo zitekeela zirudien, baina Latasak 91.ean sartutako burukadak eman die emozioa azken minutuei.

Azkenean, borrokatutako hiru puntu Realarentzat. Bederatzi punturekin, sailkapen nagusian behin-behinean seigarren dira txuri-urdinak. Asteazkenean Valentzian jokatuko dute (21:30, Movistar).

Reala: Remiro; Traore, Zubeldia (Pacheco, 83'), Le Normand, Aihen; Urko (Zubimendi, 58'), Turrientes (Merino, 58'), Brais Mendez; Kubo, Barrenetxea (Ali Cho, 69') eta Sadiq (Oiartzabal, 58').

Getafe: Soria; Suarez, Mitrovic, Alderete, Diego Rico; Maksimovic, Djene (Greewood, 68'), Aleña (Choco Lozano, 78'), Carmona (Arambarri, 68'), Mata (Oscar, 78') eta Mayoral (Latasa, 45').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.