Ignacio Allende Torbe pornografia ekoizlea epaitu dute gaur, Madrilen, haur pornografiako bi delitu eta sekretuak jakinaraztea leporatuta. Fiskaltzak zazpi urte eta zazpi hilabeteko kartzela zigorra zuen eskatua. Hala ere, Torbek delituak aitortu ditu, eta fiskaltzak bi urteko kartzela zigorrera murriztu du eskaera. Torberen defentsak, beraz, kartzelan ez sartzea eskatu du. Sententzia ateratzen denean argituko dute hori.
2016an abiatu zuen Poliziak Torberen kontrako operazioa —bizkaitarra da sortzez, Portugaletekoa; zineman eta beste hainbat euskarritan ibilitakoa—. Urte hartan atxilotu zuten, eta behin-behineko atxiloaldian egon zen. Atxiloketaren arrazoiak: pornografia delituak, gizakien salerosketa, kapitala zuritzea, eta ogasun publikoaren aurkako delituak. Gaur, bi deliturengatik epaitu dute: 2012an eta 2015ean haur pornografiako bi bideo zabaltzeagatik.
Fiskaltzak epaiketaren hasieran aurkeztu du akordioa. Kartzela zigorra murrizteaz gain, 3.000 euroko isuna ezarri diote Torberi, sekretuak jakinarazteagatik. Era berean, 65.000 euro ordaindu dizkio jada biktimari.
Torberen hurbilekoak diren beste bi gizon epaitu dituzte. Batek haur pornografiaren delitua aitortu du, zigorra murrizte aldera: hiru urteko kartzela zigorraren ordez, 2.880 euroko isuna ezarri diote. Hainbat urtean, gainera, ezin izango du adingabeekin lanik egin, eta ezingo da hurbildu 2015ean salaketa jarri zuen adingabearengana. Besteak, berriz, ez du akordiorik lortu, ez baitu onartu adingabearen bideoak bidali izana. Fiskaltzak hiru urteko kartzela zigorraren eskaera berretsi du harentzat.