Zinemaldia

David Fincherren 'The Killer' izanen da emanaldi sorpresako filma

Larunbatean emanen dute, Viktoria Eugenia antzokian. Filmeko argazki zuzendari Erik Messerschmidtek aurkeztuko du.

'The Killer' filmeko irudi bat. DONOSTIKO ZINEMALDIA
2023ko irailaren 26a
10:23
Entzun

The Killer da Donostiako 71. Zinemaldiko film sorpresa. Jaialdiak gaur jakinarazi du, luzaroan ezkutuan gorde ondotik. David Fincher zuzendariak gidatu du The Killer, eta Alexis Nolent Matz idazlearen nobela grafikoan dago oinarritua. Istripu bat izan berri duen hiltzaile bat du protagonista; filmean, Michael Fassbender aktoreak antzeztu du hura. Zehazki, lana Veneziako zinema jaialdian lehiatu berri da, eta espero da Donostiako emanaldiak ikusmin handia sortzea.

Larunbatean emanen dute filma, hiru aldiz. Emanaldi nagusia 19:00etan eginen dute, Viktoria Eugenia antzokian; horretan, filmeko argazki zuzendari Erik Messerschmidt mintzatuko da. Beste bi emanaldiak ere egun berean izanen dira; bata, 8:30ean, Viktoria Eugenian; bestea, 13:00etan, Printzipal antzokian.

Zinemaldiak 2019an ekin zion emanaldi sorpresak programatzeari. Ordutik, film hauek eman dituzte gisa horretara: Joker (2019), Sportin' Life (2020), Spencer (2021) eta Blonde (2022).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.