Eguraldi bikainarekin jokatu zen larunbatean Azkaineko (Lapurdi) Skyrhune proba (21 km, 1.700 m+), Euskal Herriko Kopako zortzigarrena eta azkena, eta, aldi berean, Golden Trail National Series zirkuituko lasterketa. Herri eta eskualde osoa engaiatzen da probarekin, eta, eguraldia ez ezik, giroa ere paregabea izan zen, herrian nahiz mendiko hainbat puntutan.
Irteeran bostehun partaidetik gora elkartu ziren, maila handiko korrikalariak tartean, eta lehia ikusgarria izan zen. Lehen bi kilometroak 4 minututik beherako erritmoan korritu ziren, eta Miramarreko igoera ere oso azkarra izan zen zaleen bultzadarekin. Jaitsieran, nahiz eta teknikoki erraza ez izan, korrikalariek abiadurari eutsi zioten, Ziburu mendiko igoeraren hasieraraino. Igoera horretan, hezetasuna, aurreko kilometroetako esfortzua eta beroa zirela medio, nekea nabaritzen hasi ziren hainbat korrikalari. Nolanahi ere, koskarik gogorrena falta zen artean, Larhungo igoera, eta zinez benetako horma bihurtu zen hainbat lasterkarirentzat. Jaitsiera teknikoak ez zien arnasa hartzeko aukera handirik eman partaideei, baina tarte hori gaindituta, berriz ere erritmoa berreskuratzeko aukera izan zuten, eta azken igoeraren ondoren, beheranzkoan, asfaltoarekin bat egin eta ziztu bizian egin zituzten azken kilometroak.
Emakumezkoetan, Blandine l'Hirondel frantziarra nagusitu zen (2h10'39''), proba honen bederatzi aldietan bigarren aldiz. Haren atzetik, baina ia ordu laurden luzera, Emilie Menuet izan zen bigarren (2h24'00'') eta Olivia Magnone hirugarren (2h26'24''). Maud Combarieu izan zen laugarren, eta jaitsieran, gainera, bera izan zen azkarrena.
Euskal Herriko Kopako nesken podiuma: Oihane Unzalu bigarrena, Oihana Zubillaga garailea eta Maud Combarieu hirugarrena. EMF
Mutiletan estuagoa izan zen lehia. Jan Margarit kataluniarra gailendu zen azkenean (1h53'26''), hau ere bigarren aldiz Skyrhunen. Bigarren Simon Guinard frantziarra izan zen (1h55'41'') eta hirugarren Benjamin Roubiol (1h55'41''), hau ere frantsesa. Euskal ordezkarien artean, Aritz Egea laugarren izan zen (1h58’27”) eta Ander Iñarra seigarren (2h01’17”). Bederatzigarren aldi honetan, 99 lagun jaitsi ziren 2 ordu eta erdiko langatik. Harrigarria.
Euskal Herriko Kopa
Gazteenen artean, TtkiSkyrhune lasterketa jokatu zen, 10 kilometro eta 600 metroko goranzko desnibelarekin. Jules Mongellaz nagusitu zen mutiletan eta Fannie Sapet nesketan. Jone Oar-Arteta, hirugarren izan zen, eta Alluitz de Bilbao, laugarren. Mutiletan Ibai Angulo seigarren izan zen.
Mendi Lasterketen 2023 Lineako Euskal Herriko Kopako zortzigarren eta azken lasterketa zen Azkaineko Skyrhune. Martxoan Kolazino lasterketarekin hasi zen zirkuitua, eta ondoren etorri ziren Kilimon Trail, Berako XVII Mendi Maratoi Erdia, Kanpezukoa, Irati Trail, X. Amurrio Trail Lasterketa eta Baztandarrak Traila. Zortzi proben ondoren, emaitza guztiak kontuan hartuta, Beñat Katarain zegamarra (Gipuzkoa) eta Oihana Zubillaga anoetarra (Gipuzkoa) izan dira nagusi Euskal Herriko Kopan. Mutiletan,Victor Bernedo izan da bigarren eta Ibai Makazaga hirugarren. Nesketan, berriz, Oihane Unzalu izan da bigarren eta Maud Combarieu hirugarren.
Euskal Herriko Kopako mutilen podiuma: Victor Bernedo bigarrena, Beñat Katarain garailea eta Ibai Makazaga hirugarrena. EMF
Gazteen artean, Julen Dobarro gailendu da kadete mailan, Eneko Etxaniz gazteen maila parekatuan eta Ibai Angulo juniorretan. Beteranoetan, Ibai Makazaga eta Maud Combarieu nagusitu dira A mailan, eta Isidoro Hernández eta Ignacio Garay B eta C mailetan, hurrenez hurren.
Azkaineko Skyrhune probaren sailkapen guztiak lasterketaren webgunean.