OSASUNA 0-2 ATLETICO MADRIL

Gorritxoek suspertu ezinik jarraitzen dute

Osasunak galdu egin du Atletico Madrilen aurka Sadarren. Nafarrek ez dute oraindik etxean irabazi denboraldi honetan. Ligako azken hamabi puntuetatik bakarra eskuratu dute. Epaileak berdinketarena izan zitekeen gola baliogabetu dio David Garciari, eta Arrasate eta Chimy Avila kanporatu ditu.

Aimar Oroz, etsita, aukera bat huts egin ondoren. IñIGO URIZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko irailaren 28a
23:31
Entzun 00:00:0000:00:00

Bolada txarrek bere horretan jarraitzen dute. Osasunak irabazi ezinik segitzen du Konferentzia ligatik kanpo geratu zenetik. Hilabete eskas batean lau partida jokatu ditu, eta hiru galdu ditu, eta bat berdindu. Bolada txarragoa darama Sadarren. Ez du irabazi bere zaleen aurrean denboraldi honetan, eta bost neurketa jokatu ditu jada: bat berdindu du, eta lau galdu. Atzokoa galduta, halaber, Atletico Madrilen aurkako partidetan daraman bolada txarra eten ezinik jarraitzen du: galdu egin ditu haren aurka jokatu dituen azken 11 norgehiagokak. Duela bederatzi urte irabazi zion azkenekoz. Neurria hartua dio Diego Simeonek entrenatutako taldeak.

Hasieratik geratu da argi Atletico Madril aurkari oso zaila izango zela: Espainiako taldeak berehala hartu du aginte-makila. Ez du luzaroan itxaron behar izan nagusitasun horri etekina ateratzeko. 20. minutuan, Aitor Fernandezek bi huts larri egin ditu jarraian: lehenbizi, baloia oparitu dio Atletico Madrili; eta, gero, ez du Samuel Linok erdiratutako baloia harrapatu, eta Antoine Griezmannek ezin hobeto aprobetxatu du gola sartzeko. Atezain arrasatearrak berriro jokatu du, baina ez du itzulera ona izan.

Hasi eta gutxira gola jasotzea kolpe gogorra izan arren, gorritxoek ekinean jarraitu dute. Saiatu, saiatu dira, batez ere, Aimar Orozek hauspotuta, baina ez dira gai izan arrisku handirik sortzeko. Johan Mojicak izan du aukerarik argiena lehen zatian, 39. minutuan, baina haren jaurtiketak kanpoko zutoina jo du. 0-1ekoarekin amaitu da aurreneko zatia. Nahi eta ezin ari zen Osasuna, eta lasai Atletico Madril, sufritu gabe.

Aldatu egin da hori bigarren zatian. Zaleek lagunduta, oldarkor zelairatu dira gorritxoak. Chimy Avilak eta Ante Budimirrek bina aukera izan dituzte lehen ordu laurdenean, baina ez dute asmatu Jan Oblaken aurrean. Arrasatek freskotasuna eman nahi izan dio taldeari, eta 66. minutuan, bi aldaketa egin ditu kolpe batez: Jon Moncayolak eta Iker Muñozek Pablo Ibañez eta Lucas Torro ordezkatu dituzte.

75. minutuan, David Garciak gola sartu du buruz korner batean, baina epaileak baliogabetu egin du, Aimarrek Axel Witseli bultza egin diolakoan. Erabakiak sutan jarri ditu Osasunako jokalari eta entrenatzaileak, eta epaileak txartel gorria atera dio Arrasateri. Aldageletara joan aurretik, Osasunako entrenatzaileak beste bi aldaketa egin ditu: Kike Barja eta Raul Garcia atera ditu Mojicaren eta Budimirren ordez.

Gola sartu, eta epaileak baliogabetzea nahikoa zigorra ez bazen izan, Atletico Madrilek bigarren gola sartu du handik gutxira. Itsu-itsuan ari zen Osasuna berdinketaren bila, eta bisitariek bizkarra hartu diote kontraeraso batean, eta Rodrigo Riquelmek ez du barkatu ate aurrean. 81. minutua zen, eta erabakita zegoen neurketa.

Tentsioak gora egin du, eta epaileak Chimy eta Alvaro Morata kanporatu ditu; ika-mika izan dute biek, eta epaileak txartel gorria atera dio Osasunako aurrelariari, eta bigarren txartel horia Atletico Madrilekoari. Ezer gutxi jokatu da azken minutuetan. Cesar Azpilikueta hirugarren gola sartzear egon da, baina Aitor Fernandezek geldiketa ederra egin dio Osasunako jokalari izandakoari. Amorratuta bukatu dute Osasunako kideek eta zaleek, partidaren emaitzarekin, eta, batez ere, epailearen lanarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.