Euskara

«Nehor ez da euskaraz ari» EHUko Irakaskuntza Fakultatean

Irulegiko Irratian duen atalean, Alex Artzelus EHUko ordezko irakasleak azaldu du euskarari dagokionez egoera «peningarria» dela irakaskuntzako ikasleen artean. «Zer euskara ikasiko dute gure haurrek euskaraz mintzatzen ez dakiten irakasleak badituzte?», egin du gogoeta.

Alex Artzelus. IRULEGIKO IRRATIA
jon ordonez garmendia
2023ko urriaren 4a
15:23
Entzun

Egoera gordina deskribatu du Alex Artzelus EHUko irakaskuntzako irakasleak Irulegiko Irratian duen atalean. Etorkizuneko irakasleen irakaslea da Leioan, ordezko lanetan ari da, eta Ikastolen beharrik badea ote Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban? atalean azaldu du euskararen presentzia eskasa dela ikasleen artean: «Desgustagarri da euskarak zoin presentzia apala duen. Nehor ez da euskaraz ari kurtsoetan. Nehor ere ez. Denek elkarrekilan espainola mintzo dute, errabian. Denek».

Harridura agertu du Artzelusek, eta jakin minez galdetu zien ikasleei etxean edo kalean euskaraz hitz egiten duten. Kontatu duenez, Bizkaiko herri batzuetako zenbaitek erantzun zioten euskaraz egiten dutela etxean, eta bakar batek esan ziola euskaraz egiten duela lagunekin. «Halakoa da egoera. Badira Bermeo, Elorrio eta Arantzazuren gisako herri aski ttipietako gazteak. Eta denek espainolez ari direla, omen. (...) Ahoskera ere peningarri dute; arrunt espainola. (...) Ez dute kontzientziarik, ez maitasunik».

Horiek esanda, gogoeta bat plazaratzen du. «Hauek izanen dira gure etorkizuneko haurren irakasleak, eta euskararekiko amodioa transmititu behar dutela. Baina segi denak espainolez. Zonbait doi-doi ari dira euskaraz enekilan ere, espainolerat lerratu dira. Lizentzia ukan nahi dute, eta fini. Eta tristea da, baina ez dira ikasleak baizik. Erran nezake beren unibertsitateko irakasle anitzen euskara maila ere peningarri dela. Orduan, zer ikasiko dute?».

Kexu da Artzelus amaieran, esaten delako Iparraldean euskara galtzen ari dela eta Hegoaldean, aldiz, euskaraz asko entzuten dela. «Gipuzkoan hein bat, menturaz. Baina Bizkaian halakoa da egoera. Eta beti eta okerragoa, erran nezake». Atalaren izenburuak laburbiltzen duen moduan, «Gipuzkoan eta Bizkaian ere» oraindik ikastolak beharrezkoak direla ondorioztatzen du.

Ikusi gehiago:Entzun Irulegiko Irratian Alex Artzelusen atala

Artzelusen salaketak oihartzuna izan du sare sozialetan, batik bat Irulegiko Irratiaren txioaren aipamena eginez. «Euskarak ikastolak behar ditu, baita EAEn ere», dio Inko Iriartek. «Interesgarria, kezkagarria eta oso benetakoa iruditu zait analisia. Zoritxarrez (eta tristuraz esaten dut hau) Ikastolekiko ikusten diodan federa optimistegia iruditzen zait (eta hau ez da ikastolen aurkako komentario bat)», adierazi du Aiora @probatxoa-k. «Hainbatek entzun beharko lukete Alex Artzelusek dioena eta alde batera utzi eskola publikoen eta ikastolen arteko eztabaida. Gure kontzientzia nazionala, hizkuntza eta kultura arriskuan daude», Luken Etxabek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.