Lurraldetasuna

Urriaren 30ean zabalduko dituzte itxita dauden mugako pasabideak

Hendaia eta Irun arteko oinezko zubia, eta Aldudeko, Izpegiko eta Larraineko pasabideak irekiko dituzte. Ordainez, lurreko patruila kopurua emendatuko dute, Frantziako eta Espainiako polizien lankidetzaren ondorioz.

Hendaia eta Irun arteko Etorbidea zubia, itxita, aurtengo uztailean. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza - Oihana Teyseyre Koskarat
2023ko urriaren 11
10:36
Entzun

Ia hiru urteren ostean heldu da albistea. Ireki egingo dituzte mugetako lau bide: Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko oinezko zubia, eta Aldudeko (Nafarroa Beherea), Izpegiko (Nafarroa Beherea) eta Larraineko (Zuberoa) pasabideak. Urriaren 30ean izango da irekiera, Frantzian egiten ari diren Munduko Errugbi Txapelketa bukatzean, Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak esan duenez. Dena den, prefetak gehitu du pasabide horiek irekitzeko erabakia hartu dutela lurreko patruila gehiago izango direlako, eta Frantziako eta Espainiako poliziek horretarako lankidetza abiatu dutelako.

2021eko urtarriletik daude itxita pasabide horiek, ofizialki, «legez kanpoko migrazioari eta terrorismoari» aurre egiteko. Pirinio Atlantikoetako prefeturak mugetako zortzi pasabide hesteko agindua eman zuen orduan; oraindik ere itxita daudenak dira lau horiek. Prefetaren esanetan, patruilen emendatzeak «mugetako kontrolen segurtasun maila bera» atxikitzeko bidea emango du.

Hetsi zituztenetik, ugariak izan dira bideak irekitzeko eskaerak. Uztailaren 3an ordu batzuez ireki zuten Hendaia eta Irun arteko oinezko zubia, Frantziako Tourra zela-eta, baina lehengora itzuli zen hurrengo goizean. Migranteei laguntza ematen dieten elkarteek, sindikatuek eta eragile politikoek deituta, elkarretaratzea egin zuten orduan. «Bidasoaldean eskubide guztiak kentzen zaizkie migranteei. Zirkulazio askatasuna, modu seguruan bidaiatu ahal izateko eskubidea, harrera duina; eskualdea militarizatu dute, pasabideak oztopatu», salatu zuten. «Etengabeko kanporaketak eta kontrol arrazistak» ere gaitzetsi zituzten.

Instituzioek ere deitu zuten protesta batera. Bertan izan ziren Ezenarro, Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio zuzendaria. Auzapezen kexa horri erantzunez, Pirinio Atlantikoetako prefetak adierazi zuen «Parisen eta Madrilen arteko negoziazioak eginez gero» irekiko zela Etorbidearen zubia.

Horrez gain, abokatu talde batek ere egin zion dei prefetari mugetako pasabideak irekitzea eskatzeko. Haien arabera, Frantziako Tourrerako pasabideak ireki izanak frogatu zuen administrazioak erabili duen «mehatxu terroristaren» argumentua ez dela baliozkoa. Sinadura bilketa bat abiatu zuten eskaera babesteko, eta 12.000 lagunek izenpetu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.