Auto kutsagarrien zirkulazioa mugatuko du udalak Bilbo erdialdean

Airearen kalitatea hobetzea eta mugikortasun iraunkorra sustatzea da asmoa. Neurriak lanegunetan ezarriko dira soilik.

Emisio gutxiko eremuak hartuko duen hedadura, Bilboko mapan adierazita. BERRIA
Nerea Intxausti Castiñeira
2023ko urriaren 25a
17:50
Entzun

Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak onartu du etorkizuneko emisio txikiko eremua arautuko duen ordenantza proiektua. Ibilgailu «kutsatzaileek eta oso kutsatzaileek mugatuta» izango dute emisio txikiko eremuan sartzea, zirkulatzea eta aparkatzea. Zehazki, 0, ECO o C bereizgarriak ez dituzten autoak ezingo dira sartu, hau da, 2006ko urtarrila baino lehen matrikulatutako gasolinazkoak, eta 2015eko iraila baino lehenagoko dieselak. Orain hirian dabiltzan autoen erdiei eragingo die.

Bilboko emisio txikiko eremua hiriaren erdialdea izango da. Espazio hori Sabino Arana kaleak, Autonomia kaleak eta itsasadarrak mugatuko dute. Proiektuan adostutakoak lanegunetan soilik izango du eragina, 07:00etatik 20:00etara. Hori bai, sarbide eta zirkulazio murrizketak pixkanaka aktibatuko dira ordenantza indarrean sartzen denetik 2029. urtearen amaierara arte. Salbuespena izango dira, besteak beste, egoiliarren ibilgailuak.

Bilboko airearen kalitatea eta osasun publikoa hobetzea du helburu proiektuak, Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziaren esanetan, legezko betebeharrarekin konplitzearekin batera. Europar Batasunak osasun publikoa hobetzeko eskatzen dituen gidalerroak betetzeko hasierako pausoa da, baita Espainiako Gorteek 2021ean klima aldaketaren alorrean onartutako legea betetzeko ere. Arau horien arabera, 50.000 biztanletik gorako hiri guztiek hartu beharko dituzte neurriak «mugikortasunaren ondoriozko emisioak» murrizteko, eta beraz, emisio gutxiko eremuak ezarri beharko dituzte.

Ibilgailuen zirkulazioa da kutsadura iturri nagusia Bilbon, eta airearen kalitateari eta biztanleen ongizate akustikoari eragiten die. Udalaren esanetan, ordenantzaren diseinua hiriaren ezaugarriak kontuan hartu dituen azterlan baten emaitza da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.