Komunikazioa

Kazetari zorroztasuna aitortu diete Otamendiri eta Petxarromani

Euskal Kazetaritza Sarietan aitortza bana jaso dute BERRIAko bi kazetariek, Bilbon

iraia vieira gil
2023ko azaroaren 8a
21:39
Entzun

«Hemen daudenez, aprobetxatuko dut eskerrak emateko Martxelo Otamendiri eta Amagoia Mujikari, [BERRIA] proiektua gidatzeko ezarri duten ereduagatik». Ingurumen Kazetaritzako Saria jaso eta hitz horiek esan ditu Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetariak Euskal Kazetaritza Sarien banaketa ekitaldian, Bilbon. Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak eman diote saria, urteetan ingurumenaren alorrean egindako lanagatik. Ekologiari lotutako gaiak jorratzen hasi zen Euskaldunon Egunkaria-n, eta egun ere horretan dabil: «Herri mugimenduaren ikuspegiaz eta instituzioen jarreraz informatu dugu, zintzotasun subjektiboan». Zorroztasuna saritu dute, hain zuzen ere, aurtengo sarietan.

BERRIAk garaiko beharretara egokitzeko duen gaitasuna nabarmendu du kazetariak. «Apustu horren adibide dira Kinka podcasta eta ingurumen gaiei buruzko buletina». Kinka, hain zuzen, Rikardo Arregi kazetaritza saria jasotzeko proposatu dute. Beste hiru sorkuntzarekin lehiatuko da, eta hilaren 29an iragarriko dute irabazlea.

Bizitza osoa «euskararen eta euskarazko kazetaritzaren» alde egiteagatik eman diote, beste arrazoi batzuen artean, Ibilbide Profesionalaren Saria Martxelo Otamendiri. BERRIAko zuzendaria izan da urte luzez, baina aurretik ere euskarazko hainbat hedabidetan ibili izan da. «Oso lasai nengoen ni euskaltegi batean subjuntiboak irakasten, eta EITBk lan egiteko deitu zidan». Bertan aritu zen lehen aldiz kazetari, eta subjuntiboen eta kazetaritzaren artean aukeratu behar izan zuenean, bigarrena hautatu zuen.

Kazetaritza Sarien banaketa ekitaldian ere euskararen aldeko aldarrikapena egin du, eta Euskal Herriko komunikabideei eskatu die hizkuntza horretan eduki gehiago landu ditzaten. «Entzuleek, irakurleek, herri honetako memoriak hala merezi du», azpimarratu du.

Era berean, gogora ekarri ditu Euskal Herrian azken hamarkadetan mota askotako indarkeria jasan duten kazetariak –tartean, Pablo Gonzalez– eta Palestinan bere lana egiteagatik hil dituzten lankideak. «Askotan, kazetariek daramaten txalekoak nor hil behar den seinalatzeko balio du. Hilketa selektiboak dira».

Ikusi gehiago:Iñaki Petxarroman: «Jendeak ingurumen gaiez paso egitea lortzen du sentsazionalismoak»

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.