BESTE ERREAKZIOAK.

2007ko azaroaren 30a
19:54
Entzun
Askatasuna

"Duela 30 urte demokrazia ekarriko omen zuen prozesua egin zuten Espainiako Estatuan, baina 30 urte geroago gaur egun Euskal Herriak bizi duen egoerak argi erakusten digu norainoko iruzurra egin zioten herri honi. Espainiak tresna errepresibo guztiak erabiltzeko apustua egin du independentziaren aldeko borroka amaitzeko. Gatazka konpontzeko inolako borondate politikorik ez du. Oinarrizko eskubide demokratikoak ukatzen dituzte atxiloketa hauek. Euskal Herrian lan politiko eta soziala egitea ukatua dago. Dei egiten dugu gaurko eta egunotako mobilizazioetara agertzeko".

EAJ

"Justiziaren parte bat sinesgarria ez izateko beste pauso bat da hau. Prozesu hau iraganekoa da, eta politikoa. Filosofia hori PPren gobernuen garaikoa da, eta PSOEren laguntza izan zuen. Horretaz gain, prozesuan zehar irregulartasunak gertatu dira, eta hori salatu izan dute elkarteek eta abokatuen kontseiluek".

Aralar

"Prozesu hau astakeria juridikoa da, eta gaurkoa beste pauso bat da. Ideiak zigortzen dituzte eta, beraz, motibazio politikoa dauka auzi honek. Hori ezin da onartu demokrazian. Elkartasuna adierazten diegu auzipetuei eta haien erakundeei. Aske utz ditzatela exijitzen dugu eta zigorrak bertan behera gera daitezela".

EA

"Honen atzean bultzakada politiko bat egon da argi eta garbi, eta prozesatuen eskubideak urratu dira. Auzipetutako batzuk ezagutzen ditugu eta giza eskubideen defentsaren alde daude, indarkeriazko estrategietatik urrun".

Nafarroa Bai

"PP eta PSOE Espainiako hauteskundeen aurreko kanpainan dabiltza, eta liskar estrategia horretan kokatzen dugu gaurkoa. Salatu beharra daukagu, bultzada politikoa duelako. Sumario honek ez du ez hankarik, ez bururik, 'dena ETA da' asmatutako teorian oinarritzen baita".

EB

"Atxiloketek krispazioa eragiten dute eta justifikaezinak dira. Justiziaren inpartzialtasuna arriskuan jartzen dute".

PP

"Justiziak horrela segitzen badu funtzionatzen, ETAren bukaera gero eta gertuago egongo da. ETAren inguru sozial, politiko, mediatiko, ekonomiko eta nazioartekoa desegin egin behar da. Egun garrantzitsua da gaurkoa".

ELA

"Guk kalean erantzungo dugu honen aurrean, protesta egiteko. Justiziaren erabilera politikoa dago hemen, astakeria da. Elkartasuna adierazi nahi diegu auzipetu denei".

LAB

"Ezker abertzalea ahuldu nahi dute erabaki hauekin. Baina, batez ere, ezker abertzaleak bultzatu nahi duen prozesu politikoagatik egiten dute hori".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.