ERREAKZIOAK. Espainiako Gobernua: "Aurrerapausoa da normalizaziorako"

2008ko irailaren 16a
17:07
Entzun
Espainiako Gobernua

"Euskal Herria normalizatzeko aurrerapausoa da, baita indarkeria erabiltzen eta babesten dituztenak isolatzeko ere. Gizarteak baztertu egiten du indarkeria, eta epaiak hori islatzen du. Demokraziaren eta Espainiako Konstituzioaren bestaldean daudenak sistematik kanpo uzteko ahalegina egin dugu beti".

Eusko Jaurlaritza

"Alderdien Legeak ez digu bakerik ekarriko eta akordioa lortzea ere zaildu egingo du. PSOEk eta PPk urte hauetan erakutsi dute Alderdien Legearekin bateragarri egiten hauteskunde garaietan egindako kontabilitate berezia, eta orain ere beste hainbeste gerta daiteke".

Jose Antonio Alonso (PSOE)

"Zuzenbide estatuak funtzionatzen duen seinale dela Auzitegi Gorenak EAE-ANV legez kanpo utzi izana. Bete egin dira zuzenbide estatuko legeak. Argi eta garbi geratu da ANVren egitasmoa legez kanpokoa dela, eta EHAKrena ere halakoa da".

Mariano Raxoi (PP)

"Terroristak erakunde publikoetara itzuli ziren eta hori ez zen ona indarkeriaren kontrako borrokan. Orain erabaki hau dator, eta albiste ona da".

Rodolfo Ares (PSE-EE)

"Indarkeria terrorista babesten eta justifikatzen duen alderdirik ezin da egon, eta hori argi dio Gorenaren epaiak. Politika egin nahi dutenek, politika egin behar dute, politika baino ez, indarkeriatik urrun, joko arauak eta legeak betez".

Andoni Ortuzar (EAJ)

"Auzitegi Gorenaren erabakia oso larria da eta oso ondo justifikatu beharko du, Europan ez duelako aurrekaririk. Ez da ohikoa Europan alderdi politikoak legez kanpo uztea. EAJ beti egon da Espainiako Alderdien Legearen kontra. Ezin dira indarkeriaren erabilera eta ideia politikoak nahastu. Alderdiek ez dute egiten delitua, baizik eta pertsonek".

Maiorga Ramirez (Nafarroa Bai)

"Espainiako Estatuaren beste erabaki onartezin bat da gaurkoa. Judizialki eta politikoki ezin da onartu, eta normalizazio politikorako ez da ona. Gogoratu behar da ANVk herritarren botoak dituela".

Mikel Irujo (EA)

"Alferrikako erabakia da, ez duelako gatazka konpontzen; larritu egingo du. Urratu egiten ditu parte-hartze, elkartze eta adierazpen askatasunaren eskubideak. Zapaterok ez dauka Aznarren aldean bestelako politikarik".

Mikel Arana (EB)

"Alderdi politikoak legez kanpo uztearen aurka gaude, erabat. Izan ere, gizartearen zati bat ez da ordezkatuta sentitzen. Espainiako Gobernuak komeni zaiona egiten du legediarekin: alderdi politikoak legez kanpo utzi edo ez. 2007an, adibidez, ANVren zerrenda batzuk izan ziren bozetan, eta PSOEkoak orain ere ari dira ezker abertzaleari eskua luzatzen 'zerrenda zuria' aurkezteko aukeraz".

Patxi Zabaleta (Aralar)

"ANVren legez kanporatzea albiste txarra da demokraziarentzat eta euskal gizartearentzat. Erabakiaren kontra gaude, iritzi politikoa epaitzen delako azkenean. Indarkeria erabiltzen dutenentzat argudio dialektikoa da neurri hori".

Leopoldo Barreda (EAEko PP)

"Erabaki koherentea da, denek bai baitzekiten ETAren beste marka bat dela ANV, beste montaje bat. Askatasunaren, legearen defentsaren eta Espainiaren aldeko erabakia da. Honek ondorioak izan behar ditu udaletxeetan".

Eladio Ezpeleta (UPN)

"Epai honen ondoren, hori betetzeko ahal dugun dena egingo dugu. Eskatzen zaigun guztia egingo dugu gauden erakundeetan. Aurrez, baina, epaiak zer esan nahi duen eta benetan zer egin daitekeen aztertzea tokatzen da".

Gaspar Llamazares (IU)

"Ordezkaritza politikoa aldatzeko dei egiten diogu ezker abertzaleari, eta indarkeria baztertzeko".

Joan Ridao (ERC)

"Ez da albiste ona, eta bake konponbidearen lorpena atzeratu egingo du. Espainiako Justiziak ideiak zigortzen ditu".

Josep Antoni Duran i Lleida (CiU)

"Errespetua diogu Gorenaren erabakiari. Hala ere, esan beharrean gaude PSOEk eta PPk joko politikoa egin dutela legez kanporatzearekin".

Jose Elorrieta (ELA)

"Mundu guztiak zekien idatzita zegoela; herri honetan inortxo ere ez du ustekabean harrapatu, hain larria eta demokraziaren aurkakoa izanagatik ere. Alderdien Legea indargabetu egin behar da, herri honetako gehiengo politikoak eta sozialak uko egiten baitio. Eskubideak dituzten milaka pertsonen adierazpen politikoa bertan behera uztea onartezina da demokrazian. Erabaki horiek guztiek argiro erakutsi digute Espainiako Estatuak ezin diola euskal gatazkari heldu, bide politikoetatik, behintzat; eta beraz, gero eta sinestuago gaude Estatuak nekez eskain dezakeela irtenbide demokratikorik".

Amnistiaren Aldeko Mugimendua

"Espainiako Estatuak Euskal Herrian ezarri duen salbuespen egoeran sakontzeko eman duen azken urratsa da ANVren ilegalizazioa. Erregimen frankistak ilegalizatu zuen alderdi politiko bera ilegalizatu du. Independentismoa amaitzeko urrun iristeko prest dauden mezua bidali diote Euskal Herriari. Herri honetan gatazka politikoa dago, eta gatazka politikoak ez dira errepresioaren bidez konpontzen".

Lokarri

"Erabaki honek arazoak areagotu egiten ditu eta tentsioak sortzen ditu. Erabakiaren aurka gaude, erabat".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.