MunDUA

Kadima eta Likud aliatu bila hasiko dira gaurtik Israelen

Parte-hartzea aurreko urteetan baino txikiagoa aurreikusia zuten gaurko legebiltzarrerako bozetan. Arratsalde erdirako boto emaileen %41,9 inguruk emana zuten botoa. Laboristek porrot egiten badute, Barakek ez du Defentsa ministro izaten jarraituko.

2009ko otsailaren 10a
19:17
Entzun
Gaur dira Israelgo Legebiltzarrerako bozak, eta goizeko zortzietatik ari dira botoa ematen -gaueko hamarrak arteko aukera izango dute-. Inkesten arabera, Likud eta Kadima alderdien artekoa izango da lehia. Hala ere, ez batak ez besteak ez du, segur aski, Gobernua eratzeko adinako gehiengoa lortuko. Horregatik, badirudi bozetako emaitzak baino erabakigarriagoa izango dela hautagaiek datozen egunetan aliatuak lortzeko duten gaitasuna. Yisrael Beiteinu eskuin muturreko alderdi nazionalistaren eta Ehud Baraken Alderdi Laboristaren jarrera giltzarri izango da, hortaz; baina ez horiena bakarrik, alderdi txikiek ere izango dute zeresana bozen ondorengo lehian. Adituen arabera, Tzipi Livniren Kadimak egin beharko du batez ere haien sostengua lortzeko ahalegina. Arratsalde hasierarako boto emaileen %34 inguruk eman dute botoa.

Hauteskunde kanpaina gertutik jarraitzeko aukera izan dutenen arabera, ohi baino lasaiagoa izan da aurtengoa. Ez da hautagaien artean lehia bizirik izan, behin emaitzak jakinda, koalizio gobernua eratzeko gogor borrokatu beharko dutela jakitun direlako, seguruenera. Hala nola, gaurko bozak irabazteko faboritoak, Benjamin Netanyahuk, -Likudeko buruzagia- ez du ahalegin berezirik egin boto-emaileak bereganatzeko. Hala, Ehud Olmertek bere agintaldian egindako hanka sartzeei esker egin du haren ospeak gora.

Halaber, Kadimak baino gehiago Yisrael Beiteinuk eskura ditzakeen boto kopuruak kezkatzen du Netanyahu. Hala, mezu argia zabaldu du bozen atarian, botoa Avigdor Liebermani ematen badiote, eskuin muturreko nazionalismoari baino mesede handiagoa Kadimari egingo diotela ohartarazi die israeldarrei. Lieberman Yisrael Beiteinuko buruzagia da.

Ildo politiko gogorrekoen botoa eskuratuko du, izan ere, Likudeko buruak. Ehud Olmertek Ekialde Hurbilean bakea lortzeko egindako urrats apurretan atzera egiteko prest da horretarako. Hala, bere kanpaina Golango Gainean amaitu du, 1967ko gerran Siriari kendutakoa itzultzeko inolako asmorik ez duela berresteko xedez. Palestinarrei kontzesiorik egiteko aukera oro ere baztertu du han: "Ez dugu utziko berriro Jerusalem banatzen, eta Gamla -Golango Gaina- ez da eroriko".

Muturreko jarrera nazionalista horietan, ordea, Yisrael Beiteinuk aurrea hartzen dio Likudi. Eragin handiko sektore baten sostengua du, izan ere, azken horrek; haien aldeko botoa bereganatu nahi du Netanyahuk.

Barak, Gobernua uzteko prest

Inkestek eskuin muturra jotzen dute garaile: Benjamin Netanyahuk Livniri aurrea hartuko diola uste dute, alde txikiarekin bada ere. Eta Yisrael Beiteinuk ere azken hauteskundeetan baino sostengu handiagoa eskuratu du; Avigdor Liebermanen alderdia laboristen aurretik geldituko da. Hala diote behintzat inkestek.

Ehud Barak bera ere porrotaren beldur da. Horregatik, Alderdi Laboristak gaurko bozetan hogei bat eserleku lortzen ez baditu ez duela Gobernuan jarraituko aurreratu du: "Jendeak Defentsa ministro lanetan jarraitu behar dudala esaten dit, baina kargua utziko dut gutxienik hogei bat diputatu lortzen ez baditugu".

Israelgo eszena politikoan gaurko hauteskundeen ondotik izango diren aldaketen erakusgarri da Alderdi Laboristaren beherakada. Eta ez da bakarrik eskuinak gora egingo duela. Izan ere, parte-hartzea ere aurrekoetan baino txikiagoa izatea aurreikusia zegoen. Eta horrek Netanyahuri egingo dio mesede. "Parte-hartzea erabakigarria izango da. Bihar [gaur] israeldarrak botoa ematera joaten badira, zentro-ezkerrak onura aterako dio horri", dio Asher Cohenek, zientzia politikoetan adituak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.