mendia

Pasabanek igo du Annapurna

Euskal Herrian 10:30ak zirela iritsi da 8.091 metroko gainera; besteak beste, Asier Izagirre eta Alex Txikonekin. Shisha Pangma baino ez zaio falta hamalau zortzimilakoak burutzeko; aurretik lau aldiz saiatuta dago tontor hori egiten.

2010eko apirilaren 17a
22:09
Entzun
Edurne Pasabanek (Tolosa, 1973) munduko hamalau zortzimilakoak igotzeko bidean beste urratsa egin du gaur, azkenaurrekoa, hamahirugarrena lortu duelako: Annapurna (8.091 metro). Orain Shisha Pangma (8.027 metro) baino ez zaio falta, eta udaberrian ahalegindu nahi du; aurretik lau aldiz saiatuta dago.

Euskal Herrian 10:30ak zirela lortu du gaina, Al Filo de lo Imposible telebista saioko taldearekin: Asier Izagirre -hau heldu da aurrena- eta Alex Txikon euskal herritarrekin, eta Nacho Orviz espainiarrarekin. Besteak beste, Joao Garcia portugaldarra ere heldu da, eta gaurkoarekin erdietsi ditu hamalau zortzimilakoak. Annapurnak hiru tontortxo ditu, eta hiruretan atera dituzte argazkiak badaezpada, igo dutela egiaztatzeko.

Uste baino beranduago iritsi direnez tontorrera, 7.200 metrora daukaten kanpamenduan geratu dira, ez beherago. Han egingo dute lo. "Denak ondo" daudela esan du Pasabanek gaur arratsaldean Euskadi Irratian. 4.200 metrora dute beheko kanpamendua.



Oh Eun-Sun hegokorearrak ere hamahiru zortzimilako ditu osatuta, horietatik hamar azken hiru urteetan. Annapurna falta zaio hari, eta han da orain, igo nahian.

Pasabanen zortzimilakoak

Igo dituenak

- Everest (8.848 metro). 2001eko maiatzaren 23an.

- Makalu (8.465). 2002ko maiatzaren 16an.

- Cho Oyu (8.201). 2002ko urriaren 5ean.

- Lhotse (8.516). 2003ko maiatzaren 26an.

- Gasherbrum II (8.035). 2003ko uztailaren 19an.

- Gasherbrum I (8.068). 2003ko uztailaren 26an.

- K2 (8.611). 2004ko uztailaren 26an.

- Nanga Parbat (8.125). 2005eko uztailaren 20an.

- Broad Peak (8.047). 2007ko uztailaren 12an.

- Dhaulagiri (8.167). 2008ko maiatzaren 1ean.

- Manaslu (8.156). 2008ko urriaren 5ean.

- Kangchenjunga (8.586). 2009ko maiatzaren 18an.

- Annapurna (8.091). 2010eko apirilaren 17an.

Falta zaiona

- Shisha Pangma (8.027).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.