kulTURA

'Loiolako hegiak', Zilarrezko Euskadi saria

Imanol Murua Uriak idatzitako liburua da, 2006ko elkarrizketa politikoei buruzkoa. Gipuzkoako liburu saltzaileen elkarteak Liburuaren Egunean Donostian gehien saldutako lanari ematen dio saria.

2010eko apirilaren 28a
15:04
Entzun
Imanol Murua Uria kazetariaren Loiolako hegiak liburuari eman diote euskararen arloko aurtengo Zilarrezko Euskadi saria. Gipuzkoako liburu saltzaileen elkarteak ematen du saria, eta Liburuaren Egunean -aurten apirilaren 23an izan zen- Donostian Gipuzkoa plazako azokan gehien saldutako lanak jasotzen du. Loiolako hegiak-en 60 ale saldu ziren orduan, elkarteak gaur jakinarazi duenez.

Martxoaren 10ean aurkeztu zuen Murua Uriak liburua, eta 2006an EAJk, Batasunak eta PSE-EEk Loiolan (Azpeitia) egindako elkarrizketa politikoei buruzkoa da. Elkar argitaletxeak eta BERRIAk argitaratu dute.

Murua Uriak (Zarautz, 1966) Argia eta Jakin aldizkarietan eta Egunkaria, Egunero eta BERRIA egunkarietan egin izan du lan -orain lan utzialdian dago BERRIAn-. Loiolako hegiak-ez gain, beste hainbat liburu ere idatzi ditu: Su etena Belfasten (1996, Susa; Humberto Unzuetarekin idatzi zuen), Palestina zauritua (1998, Susa), Geronimo (1999, Elkar), Jesus Atxa Agirre (2008, Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritza), Euskaltzaindia, Ekin eta Jarrai (2009, Euskaltzaindia; Joan Mari Torrealdairekin) eta Esan eta Egin. Joxe Elorrietari elkarrizketa (2009, Manu Robles-Arangiz Institutua).

Gazteleraz, El tiempo entre costuras izan da Zilarrezko Euskadi saria. Maria DueƱas Vinuesak idatzia da, eta 108 ale saldu ziren azkeneko azoka horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.