Greba orokor deialdia Hegoaldean

Araba, Bizkai eta Nafarroako industrian izan du jarraipen zabalena lanuzteak

CCOO eta UGT sindikatu antolatzaileak pozik agertu dira langileen erantzunarekin. Confebask EAEko enpresaburuen elkarteak dio jarraipena Araban %3,91koa izan dela, Bizkaian %3koa eta Gipuzkoan %1ekoa, eta Nafarroako patronalaren arabera %15ekoa izan da lanuztea. Grebak ez duela eragozpen handirik sortu nabarmendu dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Unai Sordoren iritziz, "sindikatu abertzaleak joko kanpo geratu dira". Bideoan Bilboko irudiak.

2010eko irailaren 29a
18:08
Entzun
CCOO eta UGT gaurko lanuzterako deia egin duten sindikatuen arabera, jarraipen zabala izan du grebak; batik bat, Araba, Bizkai eta Nafarroako industria sektoreetan. Onartu dute Gipuzkoan eta beste sektoreetan apalagoa izan dela eragina.

Aldiz, Confebask EAEko enpresaburuen elkarteak esan du grebaren jarraipena "oso-oso txikia" izan dela: Araban %3,91koa, Bizkaian %3koa eta Gipuzkoan %1ekoa. Nafarroako patronalaren arabera, berriz, herrialde horretan %15ekoa izan da lanuztea.

UGTk zabaldu duenez, Araban eta Bizkaian %70ekoa izan da industria arloko jarraipena, eta Bizkaiko La Navalen, Sidenor, ACBn eta Bridgestonen, eta Araban Michelinen, zein Jundiz eta Lantarongo industrialdeetan greba oso handia izan dela nabarmendu -%80 ingurukoa-. Bi sindikatuek esan dutenez, EAEn garraioan %50ekoa izan da jarraipena. Pasaiako (Gipuzkoa) portuan %80ekoa izan da eta Santurtzikoa (Bizkaia) itxita dago. CCOOren arabera, EHUn %70ekoa izan da jarraipena, eta lehen eta bigarren hezkuntzan %35ekoa. Administrazio publikoan, berriz, Espainiako Estatuko administrazioko langileen artean %30ekoa izan da jarraipena, UGTk eta CCOOk esan dutenez, eta udal eta erkidegoko beharginen artean %10ekoa.

Nafarroan ere jarraipena zabala dela agertu dute CCOOk eta UGTk, %74koa izan dela. Landabenen, adibidez, produkzioa geratuta dagoela eta gaueko txandan langileen %90ek egin dutela bat deialdiarekin. Horrez gain, argindar kontsumoa joan den igandekoaren parekoa dela adierazi du Jose Maria Molinero Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak eta horrek adierazten duela lantegi eta zerbitzu asko direla itxita daudenak.

Nafarroako beste datu batzuk, betiere sindikatu haiek emandakoak: Arcelorren %92koa izan da jarraipena, Koxkan %100ekoa, KYBn %75ekoa, Liebherr-en %60koa, Arfen %70ekoa, Nissanen %100ekoa, SKFn %94koa, Antolinen %93koa, ICFn %50ekoa, BSHn %40ekoa.

Lizarra, Tafalla eta Tuterako eskualdeetan lanuztea bereziki handia izan dela erantsi dute aipatutako bi sindikatuek: Lizarra inguruan asko direla guztiz itxita dauden enpresak eta Tafallako eskualdean %80koa izan dela jarraipena.

Garraioari dagokionez, oro har, gutxieneko zerbitzuak betetzen ari dira autobus eta tren zerbitzuetan, baina Foronda (Araba), Hondarribi (Gipuzkoa) eta Noaingo (Araba) aireportuetatik ez da hegaldirik ateratzen, eta Loiukoan (Bizkaia) ere ia geratuta dago joan-etorria. Nafarroan trenik ez dabil.

Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren datuak

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, aldiz, eguna normaltasunez eta eragozpen handirik gabe joan dela nabarmendu dute, eta gutxieneko zerbitzuak ondo ari direla betetzen.

Jaurlaritzaren arabera, EAEn metalean jarraipena %10ekoa izan da, Justizian %6koa, administrazio publikoan %3koa, hezkuntza publikoan %2koa eta pribatuan %1ekoa, eta Osakidetzan %1ekoa.

Nafarroako Gobernuak dio bere langileen artean %2,56k babestu dutela greba.

ELA eta LAB "jokoz kanpo", CCOO-Euskadiren ustez

CCOOk eta UGTk deituta eguerdian manifestazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Milaka lagun batu dira. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuaren dimisioa eskatu dute Bilbon, kasu. Unai Sordo CCOO-Euskadiko idazkari nagusiak esan du "erronka handia" zela gaurko deialdia EAEn -ELA, LAB, EILAS, Hiru eta EHNEk ez dute babestu-, baina gustura daudela emaitzarekin. Haren arabera, "sindikatu abertzaleak joko kanpo geratu dira". Jose Maria Molinero Nafarroako CCOOko idazkari nagusia urrunago joan da: "ELAk eta LABek lan erreforma babesten dute", esan du gaur irrati batean. Damaso Casado Euskadiko UGTko idazkari nagusiak adierazi du "arrakastatsua" izan dela jarraipena.

Nolanahi ere, CCOO eta UGTko ordezkariek onartu dute ELAk eta LABek deialdiarekin bat egin gabe zaila dela erabateko greba orokorra lortzea, eta horrek sindikatuen arteko harremanaz gogoeta sustatu beharko lukeela. Hala ere, Nafarroako CCOOk eta UGTk azpimarratu dute ELA eta LAB oso indartsu diren eskualdeetan, Sakanan kasu, jarraipen zabala izaten ari dela greba, hain justu, sindikatu horretako ordezkari eta kideek bat egin dutelako deialdiarekin zuzendaritzek ezarritako irizpideen kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.