Urrats askoko hamabost hilabete

2011ko urtarrilaren 7a
14:14
Entzun
2009-10-13, atxiloketak prozesuaren hasieran. Ezker abertzalearen barne eztabaida hastear zegoela, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta ezker abertzaleko beste lau kide atxilotu zituen Espainiako Poliziak. Aipatutako bostak espetxeratu egin zituzten, eta ordutik preso daude, Rafa Diez izan ezik, 2010eko apirilean aske utzi baitzuten baldintzapean. Atxiloketetatik lau egunera manifestazio jendetsua egin zen Donostian operazioa salatzeko.

2009-10-20, ezker abertzalearen barne eztabaidaren hasiera.Fase politikoaren eta estrategiaren argipena izenburuko txostena banatzeari ekin zion ezker abertzaleak.

2009-11-14, Altsasuko adierazpena: bide politikoak eta Mitchell printzipioak. Ezker abertzaleak agerraldi jendetsua egin zuen Altsasun, prozesuaren oinarriak laburbildu eta borondateak adierazten zituenagiria aurkezteko. Prozesua garatzeko, “soilik bide politiko eta demokratikoak” erabiltzearen alde agertu zen. Elkarrizketari begira, Mitchell senatariaren printzipioak bere egin zituen.

2009-11-21, EAren proposamena.Euskal Herriaren independentziaren aldeko akordio subiranista sustatzeko proposamena plazaratu zuen EAk Donostian, Miramar jauregian.

2010-01-17, ETA "prozesu demokratikoaren" alde. "Prozesu demokratikoaren" aldeko jarrera agertu zuen ETAk Gara egunkariak kaleratutako agirian. Altsasuko irudia ere goraipatu zuen. Egun batzuk lehenago, EPPK presoen kolektiboa ere "prozesu demokratikoaren" alde agertu zen.

=b2010-02-14, eztabaidaren ondorioak: 'Zutik Euskal Herria'.=b Barne eztabaida amaitutzat eman zuen ezker abertzaleak, eta Zutik Euskal Herria adierazpena kaleratu zuen. Altsasukoaren ildoak barneratu eta indar independentistaren bilketaren aldeko deia egin zuen.

2010-03-11, Jon Anzaren gorpua agertu zen. Ofizialki jakin zen Jon Anza euskal preso ohi eta iheslaria hilda zegoela eta haren gorpua Tolosako Purpan erietxean zegoela. 2009ko apirilaren 18an desagertu zen Anza, ETAko kideekin bilera bat egitera zihoala.

2010-03-17, ETAren eta Frantziako polizien arteko tiroketa. ETA eta Frantziako polizien artean tiroketa izan zen Paristik gertu. Serge Nerin agentea hil zen.

2010-03-29, Bruselako adierazpena. Brian Currin abokatu hegoafrikarrak nazioarteko izen handiko 21 begiralek babestutako adierazpena aurkeztu zuen Europako Parlamentuan, Bruselan. Besteak beste, sinatzaileek su-eten iraunkor eta egiaztagarriaeskatu zioten ETAri eta Espainiako Gobernuari neurriko erantzun bat emateko.

2010-04-04, Nerin poliziaren hilketa ETAren "gogoz kontrakoa". Konponbide elkarrizketatuaren alde dagoela, gatazka “konfrontazio demokratikoaren bidez” gainditu dadin nahi duela, eta irtenbide iraunkorra ekarriko duen agertoki demokratikorako “alde guztietako konpromisoak eta bermeak” beharko direla adierazi zuen ETAk Gara-ri igorritako agirian. Era berean, Parisko tiroketan polizia batek bizia galdu izana “ETAren gogoz kontrakoa” izan zela esan zuen.

2010-04-05, Aberri Eguna. Independentistak sareak deituta, ezker abertzaleak eta EAk bat egin zuten Irun eta Hendaia artean eginiko Aberri Egunean. Aralarrek ordezkaritza bidali zuen, baina bezperan ekitaldi politikoa egin zuen Urruñan, ABrekin. EAJk Bilbon egin zuen Aberri Eguneko ekitaldia, eta Ados proposamena aldarrikatu zuen.

2010-04-14, abokatuen atxiloketak. Hamar herritar atxilotu zituzten. Tartean, euskal presoen hiru abokatu: Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi. 2010-11-02ean baldintzapean aske utzi zituzten.

2010-04-24, Iruñeko adierazpena, Bruselakoari babesa. Bruselako agiriari erantzun eraikitzailea emateko eskatu zien ezker abertzaleak ETAri zein Espainiako Gobernuari Iruñeko adierazpenaren bidez. Konponbide “justu eta iraunkor bat” lortzeko, Anoetako eredua hartu zuen erreferentzia gisa eta Mitchellen printzipioak berretsi zituen. “Bitarteko politikoak” soilik garatuko dituen estrategia baten beharra azaldu zuen.

2010-06-18, Egigurenen proposamena. Ezker abertzaleak egindako urratsak aintzat hartzeko eskatu zuen Jesus Egigurenek, PSE-EE barruan eztabaidatzeko txosten batean, eta El País-ek eta Vocento taldeko egunkariek argitaratu zuten.

2010-06-20, Euskaldunako akordioa: ezker abertzalea eta EA elkarrekin. Euskal estatu independentea lortzeko helburu estrategikoari begira, ezker abertzaleak eta EAk ibilbide orria aurkeztu zuten Bilbon, Euskalduna jauregian. Giza eskubide guztien defentsarekiko eta bide politiko eta demokratiko soilen erabilerarekiko “konpromiso irmoa” oinarri duen prozesu demokratikoa garatzearen alde agertu ziren. Alderdien arteko elkarrizketa prozesua Mitchell printzipioetan oinarritzea proposatu zuten.

2010-09-01, Ekin-en aurkako polizia operazioa. Hamar euskal herritar atxilotu zituzten, Ekineko zuzendaritza osatzea leporatuta.

2010-09-05, ETAren "eraso ekintza armatuak" bertan behera. Eraso ekintza armatuak etenda dituela jakinarazi zuen ETAk BBC kateari igorritako bideo eta agiri baten bidez. “Gatazkaren konponbide demokratikoarekiko konpromisoa” berretsi zuen, eta negoziaziorako gonbita egin zion Espainiako Gobernuari.

2010-09-25, Gernikako akordioa.Bake bidean. Aterabide demokratikoen akordioa izeneko agiria sinatu zuten politika, gizarte eta sindikatuen arloko 28 eragilek; besteak beste, ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk, Alternatibak, Abertzaleen Batasunak eta LABek. Bai ETAri bai Espainiako Gobernuari pausoak emateko eskatu zioten. ETAri galdegin zioten nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta alde bakarrekoa aldarrikatzea, jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusgarri. Giza eskubide guztien aitorpena egiten zuten. Eta Alderdi Politikoen Legea indargabetzeko exijitu zioten Espainiako Gobernuari.

2010-09-28, Askapenaren aurkako polizia operazioa. Askapenako zazpi kide atxilotu zituzten, ETAren nazioarteko harremanetarako zuzendaritzako kide izatea leporatuta.

2010-10-02, manifestazio erraldoia Bilbon.Ez manifestazioen debekuei. Inolako inposiziorik ez, inolako indarkeriarik ez. Giza eskubideen, eskubide zibil eta politikoen aldelelopean milaka herritar batu ziren Bilbon.

2010-10-20, Zapateroren hitzak. Ezker abertzaleak eginiko urratsak ez zirela “alferrik” izango adierazi zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak Espainiako Senatuan.

2010-10-22, operazioa gazte mugimenduare aurka. Hamalau gazte atxilotu zituzten, Segiko kideak izatea egotzita.

2010-11-10, Hauteskunde Legearen erreforma. Hauteskunde Legearen erreforma tramiterako onartu zuen Espainiako Kongresuak. Erreforma horren arabera, hautetsiek kargua galduko dute alderdia legez kanpo utzi eta hamabost egun baino lehenago indarkeria gaitzesten ez badute.

2010-11-11, Otegi, Permach eta Alvarez Auzitegi Nazionalean. 2004ko Anoetako ekitaldiagatik epaitu zituzten Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideak, “terrorismoa goratu” zutelakoan. Anoetakoa, “oraingoa bezala, bake proposamena” zela adierazi zuten. Auzitegiak absolbitu egin zituen.

2010-11-27, ezker abertzaleko alderdi politiko berriaren oinarrien aurkezpena. Ezker abertzaleko 300 lagunetik gora bildu ziren agerraldi batean Iruñean, alderdi politiko berriaren eta haren barne antolamenduaren oinarriak ezagutarazteko. Alderdien Legearen eskaerak beteko dituela iragarri zuen ezker abertzaleak eta indarkeriarentzat “inongo tarterik” ez dagoela argi utzi zuen.

2010-12-16, atxiloketak: gazte mugimendua eta abokatuak. Segiko kide izatea leporatuta, Espainiako Poliziak zortzi pertsona atxilotu zituen; besteak beste, Arantza Zuluetaren bulegoko bi abokatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.