Beste eragileen erreakzioak

2011ko urtarrilaren 10a
08:20
Entzun
Antonio Basagoiti (EAEko PPko presidentea): "ETAk bizitzak barkatu nahi ditu autodeterminazioaren truke"

"ETAk betikoa esan du, eta betiko paranoiarekin jarraitzen du. Beraz, urte berria, agiri zaharra. Bizitzak barkatu nahi ditu autodeterminazioaren truke. Jendeak badaki ETA buka daitekeela Zuzenbide Estatuaren funtzionamenduagatik".

Odon Elorza (PSE, Donostiako alkatea): "Motz geratu da ETA"

"Motz geratu da ETAren agiria, ez duelako bere jardueraren behin betiko amaiera iragarri. Ezker abertzaleak erabat utzi behar du ETArekin duen harremana".

Martin Beramendi (Hamaikabat): "Kezkaz irakurri dugu agiria"

"Su-etena eskaini du ETAk, baina armak behin betiko uztea eskatzen dio euskal gizarteak. Kezkaz irakurri dugu, beraz, haren agiria".

Oskar Matute (Alternatiba): "Aurreko saioek baino arrakasta handiagoa izateko aukerak daude"

"Irakurketa positiboa egiten dugu, gatazkaren konponbidearen prozesua modu garrantzitsuan sendotzen duelako. Euskal politikagintzan aro berria ireki da gaur. Aurreko saioek baino arrakasta handiagoa izateko ezaugarriak eta aukerak daude, aro hau Euskal Herriko eragile politiko eta zibilek bultzatu dutelako. Ea hau den borroka armatuaren bukaeraren atarikoa. Espainiako Gobernuak fitxa mugitu beharko luke eskubide politiko eta zibilen arloan".

Ioseba Ezeolaza (Batzarre): "Bakearen alde eman behar dira pausoak, hilketarik, mehatxurik eta torturarik gabe"

"Agiria ez da nahikoa, ETA behin betiko desagertzea nahi baitu gizarteak. Hala ere, bakearen alde ematen diren pauso guztiak positiboak dira, eta norabide horretan egin behar da aurrera, gizartek horrela nahi duelako, baina hilketarik, mehatxurik eta torturarik gabe".

Jose Miguel Nuin (Nafarroako Ezker Batua): "Frustrazioa eragin du"

"Espero zenetik urruti geratu da agiria, eta frustrazioa eragin du. Ez du iragarri politikaren aldeko hautua. ETAk behin betiko utzi beharko luke indarkeria".

Paul Rios (Lokarri): "Biolentzia ezaren egoera indartzen du"

"Errealista izanda, agiri hau baloratu egin behar da, biolentzia ezaren egoera indartzen duelako eta bake prozesuan aurrera egiteko eragozpenak kentzen dituelako".

Maria Dolores de Cospedal (PP)

"Ezkor hartu beharra dugu agiria, ETAren jarduera terroristan geldialdia baizik ez delako. Bakerako ezin da baldintzarik jarri, autodeterminazio eskubidea bezala. Nazioarteko begiraleen lana ere ez behar. PPk beti bezain exijente segituko du, eta maiatzeko hauteskundeak direla-eta zaintzan egongo gara".

Cayo Lara (IU)

"ETAk armak behin betiko uzteko presioa egin beharko luke Batasunak".

Rosa Diez (UPD)

"Trufa da ETAren agiria, ez dituelako baztertu bere helburuak. Xantaia egin nahi dio demokraziari”.

BNG

"Guk balorazio positiboa baino ez dugu egiten ETAren agiriaz, eta haren desagerpenaren lehen pausoa izatea espero dugu".

Josep Antoni Duran Lleida (CiU)

"ETAk emandako aurrepausorik garrantzitsuena da. Zerbait mugitzen ari da han. Dena dela, agiria ez da nahikoa".

Joan Ridao (ERC)

"ETAk keinu garrantzitsua egin du, albiste ona da, ERCk ere nahiago zuen arren hark armak behin betiko uztea, baina aukera historiko hau ezin da galdu. PSOEk eta PPk eskuzabal jokatu beharko lukete".

Joan Herrera (ICV)

"Aurrepausoa da ETAren agiria eta ez dugu mespretxatuko. Dena dela, haren konpromisoa oraindik ez da nahikoa. Izan ere, politika egin nahi badu, indarkeria betiko utzi beharra dauka".

Jose Bono (Espainiako Kongresuko presidentea, PSOE)

"Hitzak ekintzekin lagundu behar ditu ETAk, hiltzaileen hitzek balio txikia dutelako. Desagerpenaren berri emango balu, zoragarri!".

Javier Rojo (Espainiako Senatuko presidentea, PSOE)

"Betikoa esan du ETAk eta, gizartea inoiz baino batuago dagoenez, ez gaitu despistatuko".

Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa: "Ezkor gaude"

"Tranpa agiria da ETAk atera duena, eta ezkor gaude. Agiriak ez du ezertxo ere konpontzen. 'Zintzoa izango naiz, baina nahi dudan dena eman beharko didazu', dio ETAk".

Daniel Portero (Dignidad y Justicia)

"Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari ETAri aurre egiteko irmotasun handiagoa eskatzen diegu. ETAren agiriak ez da dakar ezer berririk. Hura erabat garaitu behar da".

AVT

"Erabat baztertzen dugu ETAren agiria. Hauteskunde kutsuko mugimendua da".

Gabriela Bravo (Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, CGPJ)

"ETAk indarkeriaren bidea zabalik utzi du, eta Zuzenbide Estatuak ezin du onartu hori. Haren agiria pauso txiki bat izan liteke, baina ez du bete espero zena".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.