ETA-REN AGIRIA. IRITZIA

Iritzia: Esperotakoa (Eider Alkorta)

Eider Alkorta

2011ko urtarrilaren 11
16:56
Entzun
"Agiria itxaroten egon gara, eta esku artean dugu jadanik. Agiria bera albiste, aurretik eta argitaratu ondorenean ere. Edukiari begiratuz, eta espekulazio eta interpretazioetatik haratago, esperotakoa dela esango nuke, su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria. ETAren azken agiriei jarraiki, adierazpen koherentea da astelehenekoa. Irailaren 5ean adierazitakoa osatu du, ekintza armatuen eten batetik zehaztu gabeko su-eten orokor batera. Eta hauxe da ETAk adierazi duen konpromiso irmoa behin betiko konponbiderako prozesuarekiko eta konfrontazio armatuaren amaierarekiko. Atzeraezintasuna ikusi nahi izan du zenbaitek, baina ezin izan dute irakurri.

Ezker Abertzale tradizionalak aurrekaririk gabeko adierazpena dela esan du. Agiriari garrantzia kendu gabe, ez dakit non kokatu berritasuna eta historikotasuna. Azken denboretan aldatu dena, Ezker Abertzaleak ENAMen estrategiaren barnean borroka armatuari egozten dion papera da. 2006ko ETAren su-etena bat zetorren Batasunak Anoetan plazaratutako adierazpenarekin. Orain, aldiz, Ezker Abertzalearen eta ETAren denborak eta epeak ezberdinak direla dirudi. Estrasburgoko epaiak Ezker Abertzalearen estrategia berriztatuan zeresanik badu. Europako zartadak, borroka armatuarekiko harremana berriz plantearazi dio, eta hauteskundeen hurbiltasunak presa ekarri du. Etorkizunean eragile eta aktore guztiek egin ditzaketen urratsek erakutsiko dute ea prozesuaren barnean aipaturiko logikak uztartu ahal diren epe motzean".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.