Xabier Beortegiren kontaketa

2011ko urtarrilaren 25a
18:26
Entzun
Xabier Beortegi

“Astelehen eta astearte bitarteko goizaldean hasi zen dena. 02:00etan nire etxean txirrina jo zuten, eta oihuak entzuten hasi nintzen.Azpiko arropan jaiki nintzen, eta, atea irekitzean, hiru guardia zibil nituen aurrez aurre, pistolak niregana jarriak zituztela. Ez dakit zenbat zeuden. Denak etxean sartu ziren, eta eskuak soka batzuekin lotu zizkidaten. Une horretan tratua zuzena izan zen. Miaketa amaitutakoan, Nafarroako Lurralde Auzitegira igorri ninduten. Han, auzitegi mediku baten aurretik pasa nintzen; ez nuen ezagutzen, eta hari deklaratu nion tratua zuzena izan zela.

Handik aurrera, amesgaiztoa hasi zen. Handik aurrera, talde berezi baten esku utzi ninduten, eta hala esan zidaten: 'Talde berezi bat gara. Orain arteko jasandakoa txantxa baino ez da; orain zure amezgaiztoa hasiko da'. 'Hemendik aurrera bukatu egin da zure militantzia ibilbidea' eta antzekoak esan zizkidaten... Mehatxu psikologiko etengabea da sendiaren aurka, batez ere, sexualki apaltzea, ukituak... Horretaz guztiaz gain, barrabiletan kolpeak, saihetsetan, buruan etengabe kolpeak... nor zaren ez jakiteraino. Teorian, Madrilera joatea bost ordu dira, baina 24, 50 ordu... inoiz bukatzen ez zela iruditu zitzaidan.

Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusira iristean, esan zidaten ordura arte gertatutakoa ez zela ezer eta kalbarioa berriro hasiko zela. Gogoratzen du autotik jaitsitakoan ezin nuela ezta zutik ere egon. Ez dakit tentsioa zen, buruan jasotako kolpeak ziren, presioa...; zorabio sentipena etengabea zen. Azkenik, hainbaten artean eraman behar izan ninduten, zutik ezin nintzelako egon. Handik zulo batera bidali ninduten, ziega batera. Erabat ilunpean, ez nuen ezer ikusten. Handik galdeketetara bidaltzen zaituzte. Etengabe. Han, ondo esan zidaten bezala, amesgaiztoak aurrera jarraitzen du. (Isilunea eta hasperena)

Etengabe buruan kolpeak, kukubilko jarri eta lur jota geratzeraino zutik jarrarazi, berriro ere oreka galdu arte, nor zaren ez jakiteraino. Arnasa hartu ezin duzunean, poltsa jartzen dizute asfixia zer den jakin dezazun. Eta hori dena etengabe, behin eta berriz, behin eta berriz. Ziegara eraman eta handik atera. Gainera, txano bat duzu buruan, eta ezin duzu inor ikusi. Ziega erabat ilun dago, eta gero txanoa duzu buru gainean, eta denboraren arrasto oro galtzen duzu: zer ordu den, zer egunetan bizi zaren... Eta aterarazi nahi dizkizuten izenak aterarazten dizkizute. Zure sendiaren artean, zure lagunen artean, zurekin auzoan lan egiten dutenen artean... Organigrama bat egitera behartzen dizute, eta halako batean amore ematen duzu eta haiekin elkarlanean aritzea onartzen duzu: 'Nahi duzuena egingo dut, nahi duzuena sinatuko dut, Manolete hil dudala? Manolete hil dut'.

Orduan deklarazioa eginarazten dizute. Galderak eta erantzunak idatzita ekartzen dizkizute, eta zuk hor dituzu, ikasi arte. Arratsalde oso bat pasatu nuen. Badakit urtarrilaren 20ko gauean deklaratu nuela, nire aurrean nuenak (ez dakit nor zen) hilaren 20a zela esan zidalako. Arratsalde bat pasa nuen, ez dakit ordu bat, bi ordu, denboraren arrastoa galtzen duzu. Adierazpena sinatzen duzu, eta fardela zure gain hartzeaz gain, beste batzuei pasatzen diezu.

Zulora sartzen dizute berriro, eta egoera baretu egiten da. Hainbeste umiliatu zaituzte, moralki ez zara inor. Esaten dizute orain arte egindakoa ez dela ezer, eta adierazpena epailearen aurrean berretsi behar duzula. Xantaia moduan esaten dizute; eginez gero, aske geratuko zarela. Eta nik, nire baitan barneratu egin nuen hori, eta epailearen aurrean berretsiz gero aske geratuko nintzela pentsatzen nuen. Hala ere, azken unean iritzia aldatu eta egia kontatuko nuela erabaki nuen, ez poliziekin itundu nuena.

Nire bizitzako mugako esperientzia izan da. Espero dut beste inori ez gertatzea. Ezin da psikopata kuadrilla bat hor eduki, nahi dutena egiten".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.