EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalak eta CGPJk diote gaia auzitegietara joango dela

2011ko otsailaren 8a
12:50
Entzun
"Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki dezan", Juan Kalparsoro EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko fiskalak gaur azaldu du ziurrenik Sortu alderdiaren erregistroari helegitea jarriko diotela. Atzo Rufi Etxeberriak eta IƱigo Iruinek egindako aurkezpena ETArekin haustura izan daitekeela iritzi dio Kalparsorok: "Baloratu eta erabaki egin beharko da, baina itxuraz bada haustura". Alderdien Legeak "kondena" hitza erabiltzera ez duela behartzen jakinarazi du, eta iraganeko kontuak errefusatzea eskakizun politikoa dela azaldu du, lege horrek ez duelako iraganean ETAk egindakoaren gainean aipamen zehatzik egiten.

Gabriela Bravo Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (CGPJ) bozeramaileak ere aipatu du gaia auzitegietara joango dela, honek erabaki dezan Sortu legezkoa den edo ez. Bravoren arabera, "logikoa da jendeak konfiantzarik eza izatea" alderdi berriari buruz, "erakunde terrorista baten beso politikoa izan baita ezker abertzalea".

Espainiako Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak aztertu egingo dituzte ezker abertzalearen alderdi berriaren estatutuak, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde, bozeramaile eta Barne ministroak atzo jakinarazi duenez. Gobernuak berak igorriko dizkie.

Hain zuzen, ezker abertzaleak atzo goizean aurkeztu zituen alderdiaren ezaugarriak eta estatutuak, Bilbon, eta indarkeria baztertu egiten duela esan du -ETArena barne- eta Espainiako Alderdien Legea beteko duela. Bihar joango dira Madrilera estatutuak erregistratzera, Barne Ministeriora. "Epaileek esango dute Batasunaren ilegalizazioa gainditu daitekeen estatutu horiekin", esan zuen atzo arratsaldean Rubalcabak Tenerifen (Espainia).

Erregistro prozesuan Barne Ministerioan eskabide inprimakia bete behar da, eta akta notarial bat aurkeztu behar da, honako informazio hau agertuz: sustatzaileen nortasuna, behin-behineko zuzendaritza organoetako kideen nortasuna, egoitza soziala eta alderdiaren estatutuak. Barne Ministerioak hogei eguneko epea du erabakitzeko onartzen duen edo ez. Epe horretan legez kontrako zantzurik atzemango balu, txostena Fiskaltzaren esku utziko luke, tramitazioa bertan behera utziz.

Fiskaltzak ez badu legez kontrako zantzurik atzematen txostena Barne Ministeriora itzuliko du alderdi berria onar dezan. Zantzu horiek daudela uste badu auzitegira eramango du. Dena hogei eguneko epean. Legez kanpoko alderdi batekin lotutako auzia bada Espainiako Auzitegi Goreneko 61. salan aurkeztuko du inpugnazioa. Estatuaren abokatuak ere jar dezake inpugnazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.