italiako Giroa

Igor Antonek irabazi du

Euskaltel-Euskadikoak azkeneko mendatean erasoa jota du lortu du garaipena, eta sailkapen nagusian hirugarren jarri da. Contador sartu da bigarren, 33 segundora. Bihar ere mendiko etapa izango dute.

2011ko maiatzaren 21a
18:55
Entzun

Igor Anton Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak (Galdakao, 1983) irabazi du gaur Italiako Giroko 14. etapa (Lienz-Monte Zoncolan, 210 kilometro), azkeneko mendatean erasoa jota. Zoncolan maila bereziko mendian egin du aurrera, helmugarako zazpi bat kilometro falta zirela. Hasieran Vincenzo Nibali eta Alberto Contadorrek segitu egin diote, baina berehala utzi ditu atzean, eta geroztik bakarrik egin du helmugara arteko bidea.

Contador sartu da bigarren, 33 segundora. Nibali hirugarren, 40ra. Mikel Nieve Euskaltekoa zazpigarren izan da, 1.52ra.

Contadorrek jarraitzen du lider, eta Anton hirugarren jarri da sailkapen nagusian. Nibali bigarrena segundo bakarrera dauka: hura 3.20ra, Galdakaokoa 3.21era. Laugarren Michele Scarponi dago (4.06ra), bosgarren John Gadret (5.23ra).

Giroko bere lehen garaipena du Antonek. Baita Euskaltel-Euskadik ere. Denboraldi honi dagokionez, lehen etapa du gaurkoa Antonek, taldeak bosgarrena.

Euskal ziklista iaz Espainiako Vuelta irabaztear izan zen: lider zegoela eta itzulia bukatzear zela erorikoa izan eta erretiratu egin zen —aurrez, bi etapa lortu zituen—.

Bihar korrituko dute itzuliko 15. etapa: Conegliano-Gardeccia val di Fassa (229 kilometro). Lehen mailako mendatean amaituko da, eta aurretik maila bereko beste bi izango dituzte, maila bereziko bat eta bigarrengo bat.

Hilaren 29an bukatuko da Giroa, Milanen.

Orain arteko etapak 

- 1. etapa / Irabazlea: Highroad taldea. Liderra: Marco Pinotti.

- 2. etapa / Irabazlea: Alessandro Petacchi. Liderra: Mark Cavendish.

- 3. etapa / Irabazlea: Angel Vicioso. Liderra: David Millar.

- 4. etapa / Ez zuten lehiatu, Wouter Weylandt zenaren omenez (aurreko egunean hil egin zen Giroan). Liderra: David Millar.

- 5. etapa / Irabazlea: Pieter Weening. Liderra: Pieter Weening.

- 6. etapa / Irabazlea: Francisco Ventoso. Liderra: Pieter Weening.

- 7. etapa / Irabazlea: Bart De Clerq. Liderra: Pieter Weening.

- 8. etapa / Irabazlea: Oscar Gatto. Liderra: Pieter Weening.

- 9. etapa / Irabazlea: Alberto Contador. Liderra: Alberto Contador.

- 10. etapa / Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Alberto Contador.

- 11. etapa / Irabazlea: John Gadret. Liderra: Alberto Contador.

- 12. etapa / Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Alberto Contador.

- 13. etapa / Irabazlea: Jose Rujano. Liderra: Alberto Contador.

- 14. etapa / Irabazlea: Igor Anton. Liderra: Alberto Contador.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.