italiako Giroa

Mikel Nieve garaile Giroko etaparik menditsuenean

Euskaltel-Euskadik irabazi ditu asteburuko bi etapak. Garzelli sartu da gaur bigarren, 1.41era; Contador hirugarren 1.51ra. Nieve bosgarren dago sailkapen nagusian, Anton hamaikagarren.

2011ko maiatzaren 22a
12:21
Entzun

Asteburu biribila izan da Euskaltel-Euskadirentzat Italiako Giroan: atzo Igor Anton garaile, gaur Mikel Nieve (Leitza, 1984). Bi etapak ere, mendian. Gaurkoa —itzuliko 15.a— izan da, hain zuzen, Giroko etaparik menditsuena (Conegliano-Gardeccia val di Fassa, 229 kilometro): lehen mailako mendatean amaitu da, eta aurretik maila bereko beste bi izan dituzte, maila bereziko bat eta bigarrengo bat.

Stefano Garzelli sartu da bigarren, 1.41era. Alberto Contador hirugarren 1.51ra. Igor Anton 7.59ra iritsi da.

Oso etapa mugitua izan da, borrokatua. Denera sei mila metroko desnibela izan dute —orain arte gehien—, eta Nieve hasieratik aritu da aurrean. Pazientzia handiz jokatu du, une batean Garzellik alde egin duenean minutu bat pasara egon zelako Euskaltelekoa atzetik. Azkeneko mendatearen hasieran harrapatu du hura, eta segituan jo dio erasoa; helmugara artean aldea handituz joan da. Contador indartsu zetorren atzetik, baina ez dio astirik eman Nieve harrapatzeko.

Bigarren garaipena du profesionaletan Nievek. Iaz Espainiako Vueltako etapa bat irabazi zuen.

Contadorrek berak segitzen du lider, aldea handituta. Michele Scarponi dago bigarren orain, 4,20ra. Hirugarren Vincenzo Nibali, 5.11ra. Nieve bosgarren dago, 7.03ra. Anton hamaikagarren, 9.37ra. 

Bihar atseden eguna izango dute. Etzi, krono-igoera, 12,7 kilometrokoa.

Hilaren 29an bukatuko da Giroa, Milanen.

Orain arteko etapak 

- 1. etapa / Irabazlea: Highroad taldea. Liderra: Marco Pinotti.

- 2. etapa / Irabazlea: Alessandro Petacchi. Liderra: Mark Cavendish.

- 3. etapa / Irabazlea: Angel Vicioso. Liderra: David Millar.

- 4. etapa / Ez zuten lehiatu, Wouter Weylandt zenaren omenez (aurreko egunean hil egin zen Giroan). Liderra: David Millar.

- 5. etapa / Irabazlea: Pieter Weening. Liderra: Pieter Weening.

- 6. etapa / Irabazlea: Francisco Ventoso. Liderra: Pieter Weening.

- 7. etapa / Irabazlea: Bart De Clerq. Liderra: Pieter Weening.

- 8. etapa / Irabazlea: Oscar Gatto. Liderra: Pieter Weening.

- 9. etapa / Irabazlea: Alberto Contador. Liderra: Alberto Contador.

- 10. etapa / Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Alberto Contador.

- 11. etapa / Irabazlea: John Gadret. Liderra: Alberto Contador.

- 12. etapa / Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Alberto Contador.

- 13. etapa / Irabazlea: Jose Rujano. Liderra: Alberto Contador.

- 14. etapa / Irabazlea: Igor Anton. Liderra: Alberto Contador.

- 15. etapa / Irabazlea: Mikel Nieve. Liderra: Alberto Contador.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.