Mendia

Antxon Bandres hil da

Euskal Mendizale Federazioaren presidente izandakoa eta egungo presidenteordea belarra mozten ari zela erori eta hil zen atzo, 62 urterekin. Gaur arratsaldean Oria beilategira eramango dute gorpua eta bihar izango da hileta elizkizuna Tolosako Santa Maria elizan, 19:00etan.

2011ko irailaren 28a
10:41
Entzun

Kolpea hartu du Tolosak, kolpea mendizaletasunak. Antxon Bandres ezbehar batean hil da, Euskal Mendizale Federazioari eta Tolosa herriari estuki lotutako pertsona. Urkizu auzoko baserrian gertatu zen ezbeharra, atzo arratsaldean. Belarra mozten ari zela, erori eta burua harri batekin kolpatu zuen Bandresek. Hantxe hil zen, 62 urterekin.

Gaur arratsaldean Tolosako Usabal industrialdean dagoen Oria beilategira eramango dute gorpua eta bihar izango da hileta elizkizuna Tolosako Santa Maria elizan, alde zaharrean, 19:00etan.

Bi alditan izan zen Euskal Mendi Federazioko presidente, zortzi urtez denera, eta bietan jaso zuen aginte-makila Pako Iriondoren eskutik. Lehenengo agintaldia 1976tik 1980ra osatu zuen, eta 2000. urtetik 2004ra bigarrena. Egun EMFren presidenteordea zen Bandres.

Ezaguna zen oso Tolosan. Ez alferrik. Tolosako Udaleko zinegotzia izan zen, Euskadiko Ezkerraren ordezkari, eta maiatzeko hauteskundeetan EAJko zerrendan aurkeztu zen Bandres. Medikua zen ofizioz, erradiologian espezialista, eta Tolosako Asuncion erietxean lan egiten zuen. Biologia ikasketak ere bazituen, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia Fisikoa saileko kidea zen.

Tolosako Ihauterietan, San Joan jaietako ekitaldietan eta Gabonetan parte-hartze zuzena izaten zuen Bandresek. Olentzero izan zen hainbatetan herriko haurren begietara. Hutsune handia utzi du Tolosan Bandresen heriotzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.