ekonomia

Lan erreformaren kontra martxoaren 29rako greba orokorrera deitu dute sindikatu abertzaleek

ELAk, LABek, ESK-k, EILASek, EHNEk eta Hiruk egin dute deia, Hego Euskal Herrirako. 2009tik orain arte hiru lanuzte orokor egin dituzte.

2012ko otsailaren 16a
13:33
Entzun

Espainiako lan erreformaren kontra eta eskubide sozial eta laboralen alde martxoaren 29rako (osteguna) greba orokor deialdia egin dute ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatu abertzaleek, gaur arratsaldean prentsa ohar baten bidez jakinarazi dutenez. Deialdia Hego Euskal Herrirako egina da. Bihar 11:00etan sartuko dituzte eskaerak Bilbon —Eusko Jaurlaritzaren egoitzan— eta Iruñean —Nafarroako Gobernuaren erregistroan—.

2009an lankidetzari heldu ziotenetik, ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruk orain arte hiru greba orokor deitu dituzte, denak ere Hego Euskal Herri mailakoak. Aurrena 2009ko maiatzean 21ean izan zen, "bestelako eredu sozio-ekonomikoaren alde". 2010eko ekainaren 29an langileen eskubideen aldeko eta erreforma salatzeko greba orokorra antolatu zuten. Iazko urtarrilaren 27an Espainiako Gobernuaren pentsioen erreformaren aurkako greba orokorra deitu zuten.

Espainian CCOO eta UGT sindikatuak oraingoz, ez dute asmorik greba antolatzeko. Haiek aitortu dutenez, lehendabizi beste mobilizazio batzuk egingo dituzte, indarrak neurtzeko.

Espainiako Gobernuak lehengo ostiralean onartu zuen lan erreforma, eta orain Kongresura eramango du, bozka dezaten.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.