Lan erreformatik, greba orokorrera

Datorren ostegunerako Hego Euskal Herriko sindikatu guztiek greba orokorrera deitu dute, Espainiako Kongresuak onartutako lan erreformaren kontra.

AINHOA ARANO -

2012ko martxoak 25

Hautsak harrotu ditu Espainiako Gobernuak sindikatuekin hitzartu gabe orain hilabete pasa onartu zuen lan erreformak. Sindikatuek salatu dute gobernuak kaleratzea erraztuta sortu nahi duela enpegua. Erreformak hainbat gako ditu; besteak beste, kendu egin dute 45 eguneko kalte-ordaineko kontratu mugagabea, eta 33 egunekoa ezarri. Gainera, enpresek salmentak jaisteagatik kaleratu ahal izango dituzte langileak, baita galerarik ez badago ere.

Espainiako Diputatuen Kongresuak EAJ, Amaiur eta Geroa Bairen babesik gabe onartu zuen Lan Erreformaren lege dekretua martxoaren hasieran —aldeko 197 botorekin eta kontrako 142rekin—. Euskal alderdi bakarrak eman zion aldeko botoa: UPNk. Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidentea gustura agertu zen erreformak aurrera egin zuelako: "Enplegua sortuko du, eta enpresa txiki eta ertainei nahiz langile autonomoei lagunduko die. Espainiak hori behar du 2012an".

Adegi ere konforme agertu da erreformarekin. Gipuzkoako enpresarien elkarteak uste du lan erreformarekin enpresarien eta langileen arteko botere harremana irauli dela: enpresetan aldaketak egiteko eskuak lotuta eduki ondotik, erabakiak "azkar, merke eta baimenik gabe" hartu ahal izatera igaro direla.

Raxoik ezer onartu aurretik iragarri zuen moduan, ordea, erreforma iragarri eta astebetera ELAk, LABek, ESK-k, EILASek, Hiruk eta EHNEk lanuzte orokorrerako deialdia egin zuten, martxoaren 29rako. BerriaTB sindikatuekin izan zen greba orokorrerako eskaera erregistroan sartu zutenean.

 

Espainiako sindikatuek denbora gehiago behar izan zuten, baina aho batez hartu zuten aintzat greba deialdia. Hala, CCOOk eta UGTk krisia hasiz geroztik lehen aldiz bat egingo dute Hegoaldeko sindikatuekin. LABek erantzuna Euskal Herrian kokatzeko eskatu die CCOOri eta UGTri.

"Lan eta negoziazio kolektiboaren azken erreformak eraso larriak izan dira langileen eskubideentzat", azaldu du ELAk. Euskal gehiengo sindikala bat etorri da erantzuna behar behar dela. Adolfo Muñozek begira ez gelditzeko eta erantzuteko eskatu die langileei. Hain zuzen, lan erreforma erretira dezaten martxoaren 29ko greba orokorrak jendetsua izan behar duela adierazi dute deitzaileek.

Eta, dirudienez, lan erreformaren aurkako deiadarra ozena izango da. Grebari buruzko inkesta kaleratu du Irekiak, Eusko Jaurlaritzaren atariak. Erantzuna argia izan da: %81 erabat ados agertu dira deialdiarekin.
Krisia hasi zenetik laugarren aldia da herritarrak grebara deitzen dituela gehiengo sindikalak.

Badira, hala ere, pausorik emango ez dutenak: PPk ez du lan erreforma aldatzeko asmorik, "ez espirituan, ez muinean". Manifestazioek ez dute PPren borondate politikoa zentimetro bat ere aldatuko, Maria Dolores de Cospedal idazkari nagusiaren esanetan.

Greba orokorraren ataritan, BERRIAk Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia eta Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia elkarrizketatu ditu.

Sindikatuek berotze ariketak egin dituzte jada

Nafarroako Parlamentuaren kanpoan: sindikatu gehienak elkarren ondoan agertu ziren aste honetan, murrizketen kontra. ELA, LAB, EILAS, CCOO eta UGT elkarren ondoan, Nafarroako Gobernuaren murrizketak salatzeko eta zerbitzu publikoen alde egiteko. Nafarroako 22 herritan egin zituzten protestak. BerriaTB bertan izan zen

Hilaren hasieran zerbitzu publikoetan mozketarik ez egiteko eta funtzio publikoko langileei baldintzak ez kaskartzeko ere eskatu zuten langileek Iruñean. EAEn ere lanuzte zabalak egin ziren sektore publikoan. Eta, aurretik, sindikatu eta gizarte eragileek beste manifestaldi bat antolatu zuten Bilbon. Pankarta, mezu, aldarri eta xehetasun ugari, baina kezka bakarra zuten hiriburuko kaleak ibili zituzten 20.000 lagunek: murrizketa ekonomiko eta sozialak.

 

Langileak aski ez direla, datuak ere gorrituz doaz. Langabeen kopuruak azken urteetako daturik txarrena eman zuen otsailean; krisia hasi zenetik lehen aldiz 200.000 lagunetik gorako zerrenda osatu da Hego Euskal Herrian. Azken urtebetean, egunero 54 pertsonak galdu dute lana, eta langabezia tasa %15,4ra iritsi da.

Ondorioz, mobilizazio egunak dira hauek, eta ez Euskal Herrian bakarrik. Tokian tokiko sindikatuen deiari erantzunez, milaka herritar atera dira Europan kalera, murrizketak salatzera. Neurritasuna alde batera uzteko eta krisia gainditzeko beste era bateko neurriak eskatu dizkiete politikariei.

Piketeen lana, auzietan

Duela urtebete Gernikan atxilotu zituzten pikete bateko hemezortzi kideentzat ia 70 urteko kartzela zigorra eta 100.000 euroko isuna eskatu du Espaikiako Fiskaltzak, orotara. Gertaera 2011ko urtarrilaren 27an izan zen, euskal gehiengo sindikalak deitutako greba orokorraren egunean. Orduan, Espainiako Gobernuak onartutako pentsioen erreformaren aurka adierazteko deia egin zuten sindikatuek.

Sindikatuek adierazi dute ez dutela kasualitateetan sinesten, eta uste dute grebalariak izutu nahi dituztela. Greba eskubidea behintzat hor dago, oraingoz.

Izan ere, lan merkatuaren eta negoziazio kolektiboaren erreformarekin aspaldiko eskakizun nagusia bete ondoren, Espainiako patronalak jadanik aukeratu du zein izango duen hurrengo helburua: greba eskubidea. Patronalak grebarako eskubidea arautzen duen legea erreformatu nahi du, eta Espainiako Gobernua proposamen guztiak entzuteko prest agertu da.

Greba orokorreraren aurrekariek ez ezik, biharamunak ere emango du zer esana. ELAk garbi dauka: mobilizazioez gain, enpresak sindikalizatzea nahitaezko da. Sindikatuen indarra enpresetan gehiago zabaldu behar da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna