ATLETISMOA

Isinbaieva ez da erretiratuko

Atenasko eta Pekingo olinpiar txapeldunak hirugarren bukatu du. Urrea irabazi izan balu, "atzo bertan" utziko zukeen pertika. Jennifer Suhr-ek eraman du urrea, 4,75ekin.

2012ko abuztuaren 7a
21:01
Entzun

Jelena Isinbaievak (Errusia, 1982) aurten kale egin du pertikako olinpiar finalean. Atenas eta Pekinen urrea irabazi zuen, 4.91 metro eta 5.05 eginda jauzi. Londresen hirugarren geratu da, 4.70 metroko markarekin. Urrea irabaziko balu, erretiratu egingo zatekeen, "atzo bertan". Hala aitortu du berak gaur. Beraz, segitu egingo du.

Londresko Jokoen aurretik 3,5 zentimetroko gihar haustura bat izan zuela jakinarazi du gaur, eta horregatik ezin izan duela behar bezala prestatu. "Begiak itxita saltatuko nukeen 5,55 metro, edo 5,65. Min hartu nuen Jokoen aurretik eta altuera baxu batekin ekin nion atzo finalari. Ez nuen nire burua psikologikoki behartzerik nahi. Ez nengoen 5 metro jauzi egiteko moduan. Besteek zorte on hobea eduki zuten, baina hori ere bilatu egin behar da".

2004az geroztik ez zuen itzala egingo dion areriorik topatu Isinbaievak, eta 28 aldiz hobetu du munduko errekorra. Harenak dira egungo pista ireki zein itxiko markarik onenak: 5.06 metrokoa eta 5.01ekoa. Baina Pekingo Jokoen ostean bi urtez erretiroa hartuta ibili da, atsekabeak jota; entrenatzailea aldatu eta lortu du goi mailara itzultzea. Ez olinpiar urrea irabazteko lain, baina.

Jennifer Suhr-ek (AEB) eraman du urrea, 4,75ekin. Yarisley Silvak (Kuba) ere horrenbeste saltatu du, baina finalean Suhrrek huts bat gutxiago egin du.

1. Jennifer Suhr (AEB). 4,75 metro.
2. Yarisley Silva (KUba). 4,75.
3. Jelena Isinbaieva (Errusia). 4,70.

Felix Sanchezek irabazi ditu 400 metro hesidunak

Felix Sanchezek (Dominikar Errepublika, 1977) irabazi du urrea 400 metro hesidunetan, 47.63ko denbora eginda. Michael Tinsleyk (AEB) lortu du zilarra, eta Javier Culsonek (Puerto Rico) brontzea.

2004an Atenasen ere Sanchezek irabazi zuen; gaur egin duen denbora bera egin zuen orduan. Pekinen ez zuen emaitza onik lortu amonaren heriotza zela eta ezin izan baitzuen hitzordua behar bezala prestatu.

1. Felix Sanchez (Dominikar Errepublika). 47.63.
2. Michael Tinsley (AEB). 47.91.
3. Javier Culson (Puerto Rico) 48.10.

400 metro (gizonezkoak)

1. Kirani James (Grenada). 43.94.
2. Luguelin Santos (Dominikar Errepublika). 44.46.
3. Lalonde Gordon (Trinidad eta Tobago). 44.52.

3.000 metro hesidunak (emakumezkoak)

1. Yulia Zaripova (Errusia). 9.06.72.
2. Habiba Ghribi (Tunisia). 9.08.37.
3. Sofia Assefa (Etiopia). 9.09.84.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.