Albistea entzun

Patrick Queheille Kanpo (Etxahun elkarteko lehendakaria): "Uste dut koblakari oroek bazutela min bat"

 

Berria -

2012ko irailak 21 09:14

Pastoral idazlea eta kultur eragilea da Patrick Queheille Kanpo, Etxahun elkarteko lehendakaria. Barkoxen azken urteetan egin diren bi pastoral eta hainbat ikuskizun hark idatzi zituen, batzuetan Etxahun aipatuz. 

Etxahunen inguruko zer oroitzapen baduzu haur edo gazte denboratik?

Etxahunen kantuak entzuten ziren. 10 urte nituelarik, Etxahun pastorala egin zuten, eta mustrakak eskolan egiten ziren. Joaten ginen ikustera, eta uste dut Etxahun baino gehiago Lohidoi aipatzen zutela. Berak zuen lehen kargua [rola] eramaten, eta jendeentzat Etxahun Lohidoi zen, iduri zait. Etxahunen argazki bat ere ez dugu, edo ez dut uste hasteko, baina denek pentsatzen dute txikia zela, Lohidoi txikia baitzen. Kantuak entzutean haren boza entzuten genuen berehala.

Etxahun pastoralak koblakariaren ezagutarazteko balio izan zuen?

Hori segur da. Pastoralak du gehienik ezagutarazi. Gero, pastorala agertu aitzin kritikatua izan zen zinez, lehen aldiz baitzen ere euskaldun gai bat aipatzen pastoralean. Barkoxen ez zen ere menturaz sobera maitatua; haren kantuak ezagutuak ziren, baina Etxahun ez zuten oroek maitatzen. Adibidez, Txapela auzoan pentsatzen dut, haren auzogunean. Baina izugarriko arrakasta ukan zuen; jendeek kantuak ezagutzen zituzten, baina ez zekiten zertarako izkiriatuak zituen... Nonbait haren historia ikasi zuten, nahiz eta pastoralean erranak oro ez ziren zuzen.

Erran duzu pastoralak kontatzen zuen historian ez zela dena zuzen... Jean Haritxelharrek egin lanarekin agertu ote zen hori?

Uste dut hori aipatu zela 1962an, bere lana aurkeztera jin zelarik... Baina jendeen izpirituan Etxahun pobre bat zen, gizon triste bat, bere etxaldea galdu zuen, bere aberastasunak ere, desterrua ezagutu zuen... eta horretaz ohartu ziren jendeek beharbada horregatik maitatu zuten, lehenago ez baitzuten denek maite, hori segur.

Koblakariaren heriotzaren 100. urteburuan Etxahun elkartea sortu zen. Horrek erakusten ote du herriko kultur bizian ukan duen eragina.

Deliberatu zuten Etxahun pastorala ematea bigarren aldiz, eta hor zuten Etxahun elkartea sortu. Elkarte horrek jarraiki du beti, eta nonbait herriko bizi kulturala lotu da Etxahunen kantuei, pastoralen bidez. Izugarri azkar da hori. Azken aldiz 1986an emana izan da, baina aitzineko belaunaldi oroek eman dute pastoral hori. Orduan segur da sartua dela barkoxtarren bizian eta bizi kulturalean.

Barkoxek koblakari edo kantu egile bat baino gehiago ukan ditu. Bada zerbait elkartzen dituena?

Uste dut koblakari horiek oroek bazutela nonbait bihotzeko min bat edo momentu goibelak. Nonbait artista guztiek bezala. Etxahunek bere bizia kontatu du izugarri ontsa, bere malurrak eta sabeleko mina. Hartzen badugu Attuli ere, XX.mendean, uste dut ez zuela batere gogorik Barkoxen egoteko eta laborantzari lotzeko. Nonbait bortxaz egon da ikusi ditu lagunak joaten. Uste dut hori duela hobekien kontatu bere kantuetan.

Zure ustez, zer gelditzen da Etxahunen lanetik. Haren kantuak gazteenek ere kantatzen dituzte?

Beharbada, gazteenek gutxiago ematen dituzte Etxahunen kantuak. Ez baitira Etxahun pastoralean aritu eta gutxiago entzuten baitira. Baina Attuliren kantuak ematen dituzte, izan dadin Lau Buru ikuskizunean edo Xahakoa pastoralean eman baitziren. Behar da ohartu Barkoxen gazteen %60 edo 70ek parte hartu dutela ikuskizun horietan. Etxahunenak menturaz gutxiago, zeren eta Etxahun pastorala badu kasik 30 urte ez dugula eman. Uste dut ikuskizunak ematen delarik, kulturaren inguruan zerbait egiten delarik, hedatzeko indarra baduela. Gero, kantu batzuk baratuko dira beti: Ürxapala eman zuten bi barkoxtar gaztek Kantu Txapelketan...

Biharko egunaldian Etxahun aztertuko da, haren biziaren eta obraren bidez. Oraino bada ezer ikasteko?

Harrigarri da zer baden haren obran: batzuek poesia atzematen ahal dute; euskara ikasten dutenek, mintzairaren aberastasuna; besteek, historia...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Musker sagar freskagarri botilak, Eroski kooperatibaren saltoki bateko apal batzuetan. ©EROSKI

Musker, sagar freskagarri ederra, Eroskiren saltokietan

Eroski

Eroski kooperatibaren saltokietan bakarrik eskura daiteke Musker, sagarrarekin egindako freskagarri natural bikaina.

Ordiziako azoka. ©GOITUR

Goierri, Idiazabal lurraldea eta natura

Goitur

Euskal Herriaren erdigunean dago Goierri eskualdea. Bertako naturak, betidaniko gastronomiak eta mendeetako historiaren ondarea jasotzen duen kulturak harridura eragiten die egiazko Euskal Herria ezagutu nahian hona hurbiltzen diren bisitariei. Naturan jarduera ezberdinak egiteko lurralde aproposa da.

Uribarri Ganboa urtegiko paisaia liluragarri bat. ©GORBEIA-EUSKADI

Gorbeia, hurbil dagoen paradisua

Gorbeialdeko kuadrilla

Opor dibertigarriak, seguruak eta aberasgarriak eskaintzen ditu Gorbeiak. Naturaz gozatzeko ez ezik, ondareaz, kulturaz, gastronomiaz eta artisautzaz disfrutatzeko aukera paregabea da.

Familia bat artalde batekin Bizkaiko barnealdean. ©BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Landa giroaz gozatu Bizkaian

Bizkaiko Foru Aldundia

Familiarekin edo lagunekin, landa giroaz eta lasaitasunaz gozatzeko aukera ugari daude Bizkaian. Paradisu naturalak ezagutzeko mendi ibilaldi ederrak egin daitezke, eta atseden hartu nekazaritza etxe batean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna