Gizartea

Emigrazioak handitu direla gezurtatu du Eustatek

Immigrazio-emigrazio balantza positiboa izan zen 2011n, euskal estatistika institutuaren arabera. Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik joandakoak baino gehiago izan ziren etorritakoak, ia 15.000.

mikel p ansa
2012ko urriaren 18a
17:30
Entzun

Espainiako Estatistika Institutuak (INE) joan den astelehenean eman zuen datua: immigrazio-emigrazio balantzaren arabera, 17.000 pertsona gutxiago zituzten Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 2011n. Alegia, lehen aldiz, nabarmen handitu zen emigrazioa, %65 zehazki. Eustatek gezurtatu egin du, ordea, emigrazioak gora egin duela.

Guztiz bestelako datuak eman ditu gaur, izan ere, Eustatek. Immigrazioak ez du behera egin 2011n, eta emigrazioa apenas handitu da. Batere antzekotasunik ez dute bi estatistika erakundeek emandako datuek. INEren arabera, ia 34.734 pertsonak emigratu zuten iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik. Eustaten arabera, 21.380 pertsonek. Immigrazioari dagokionez: 17.473 pertsona iritsi ziren, INEren esanetan; 36.366 pertsonak immigratu zuten hiru herrialde horietara, Eustaten esanetan.

Aldea handia da, eta metodologia ezberdinak erabiltzeari egotzi dio Eustatek. INEk udalen erroldak jasotzen ditu eta, errolda horietan oinarrituta, "proiekzioak" egiten ditu. Hara zer gertatzen den, Martin Gonzalez Eustateko Estatistika Demografikoen koordinatzailearen esanetan: "INE ez da fiatzen erroldetako datuetaz". 

Udalen erroldetan etorkin askoren datuak ez direla ezabatzen, edo datuak ez direla egoki kudeatzen baloratzen du INEk. Horregatik, benetan udal erroldetan erregistratuta gelditzen diren bajak baino gehiago gertatzen direla uste du. Alegia, udalerria uzten dutenak gehiago direla, erroldetan agertzen diren datuak baino.

Uste horretatik, kalkuluak egiten ditu INEk, kalkulu orokor bat, eta gero kalkulu hori aplikatzen die Espainiako, Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako herriei. Datu orokor hori partitu egiten du, alegia. Banaketa horretan, "udal erroldak hobeto kudeatzen dituzten udalek emigrazio tasa handiagoak jasotzen dituzte", Gonzalezen hitzetan.

Oinarri bera, metodologia ezberdinak

Hau da, udal errolden eguneraketa maizago eta zorrotzago egiten duten udalek, baja gehiago izaten dituztenez, emigrazioaren proiekzio horren parte handiagoa jasotzen dute. Eustatek, aldiz, udal errolden datu huts-hutsak erabiltzen ditu, Gonzalezek azaldu duenez.

Horregatik izan daiteke aldea bi estatistika erakundeen artean, nahiz eta zenbakiek batere zerikusirik ez eduki haien artean. Gonzalezek onartu du, hala ere, udal erroldetan jasotzen dena baino zerbait handiagoa izan daitekeela, berez, emigrazioa.

Eustaten datuei jarraituz, beraz, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak immigrazio-emigrazio balantza positiboa izan dute azken hamabi urteetan, iaz arte bederen. Bizkaiak 8.333 pertsona gehiago hartu zituen iaz, Gipuzkoak 2.949 gehiago, eta Araban 3.704 pertsona gehiago. Gazteen emigrazioa nabarmen handitu denik ere ukatu egin du Eustatek.

Hiru herrialde horietatik emigrazio bide nagusiak Espainiara (Madril, Gaztela eta Leon, Kantabria eta Andaluzia) eta Herrialde Katalanetara doaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.