kutxak
Xabier Iturbe aukeratu dute Kutxako zuzendari
Kutxan zazpi kontseilari lortu ditu EH Bilduk, hiru EAJk, bi PSEk, eta bana CCOOk, Pixkanakak eta DYAk. Xabier Iturbe EAJren hautagaia aukeratu dute lehendakari, bigarren bozketan. Zazpinako berdinketaren ostean, kalitatezko botoa eman du PSEko 69 urteko kontseilariak berdinketa hautsiz. Gertatutakoa "erabat lotsagarria" dela salatu du Joseba Permachek, eta "jarrera mafiosoak" salatu ditu. EH Bilduk inpugnatu egingo du Iturbek eragile sozialen hautagaitza zuzenean hautatu izana. EAJk jarraituko du Kutxabank gidatzen.

Kutxabankeko hiru kutxetako administrazio kontseiluak hautatu dituzte gaur batzarrek. Gipuzkoan izan da ikusmin handiena, parez pare zeudelako EH Bildu eta EAJ-PP-PSE koalizioa. Eragile sozialen hautagaitza baliogabetu du Kutxak, ordezko hautagaiak 72 urte dituelako eta 70 urtetan dagoelako epea jarrita —EH Bilduk "iruzurra" salatu du, eta inpugnatu egingo du—. Xabier Iturbe Kutxako lehendakariak Javier Baraze izendatu du inpugnatutako hautagaiaren partez, DYAko ordezkaria eta Kutxako giza baliabideetako arduradun ohia. Udalei dagokien kontseilari bat txanpon baten bidez aukeratu dute, eta EH Bildurentzat izan da kontseilari hori. Horrela, zazpi ordezkari lortu ditu ezkerreko koalizio subiranistak. CCOOk eta Pixkanaka sindikatuek EAJ-PP-PSE koalizioaren alde egin dute, eta DYAko ordezkariak abstenitu egin da. Lehen bozketan, beraz, zazpinako berdinketa izan da. Jacinto Hernandez 69 urteko sozialistak (70 urte da muga kontseilari izateko; eragile sozialen zerrendako ordezkoak adin hori gainditzen zuelako baliogabetu zuen Kutxak hautagaitza) hautsi du berdinketa EAJ-PP-PSEren alde, kalitatezko botoa erabilita.
Joseba Permachek salatu du "erabat lotsagarria" izan dela gaur Kutxan gertatutakoa, eta "jarrera mafiosoak" salatu ditu. Gaur goizean inpugnatu du EH Bilduk Kutxak eragile sozialen hautagaitza baliogabetu izana ordezkoak 70 urtetik gora zituelako, eta Permachek iragarri du Xabier Iturbek haren ordezkoa zuzenean aukeratu izana ere inpugnatu egingo dutela. Javier Baraze DYAko ordezkaria haukeratu du Iturbek eragile sozialen ordezkari, eta Kontseiluak uko egin dio hautagaitza horren ordezkoa jartzeari ez duelako inongo alderdiekin lerratu nahi izan. Permachek azaldu duenez, horixe izango da inpugnazioaren arrazoietako bat: eragile sozialen hautagaitzak ordezkorik ez duela izan.
Gaur Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak PSEri eta CCOOri eskatu die ez dezatela EAJren eta PPren alde bozkatu batzarretan. Izan ere, Urizarrentzat ez da ulertzekoa PSEk azkeneko greba orokorra babestu eta CCOOk antolatu ondoren, gero murrizketen-eta alde dauden alderdien alde egitea kutxetan. CCOOk erantzun du ez duela itunik inorekin, baina EH Bilduren aukeraren alde egiteko "bi oztopo gaindiezin" dituela azaldu du. Batetik, "Kutxabankeko integrazio ituna salatzeko mehatxua, Kutxa fusiotik aterako lukeena"; bestetik, Euskal Herriko lan itunerako esparrua proposatzea. Gainera, 2005ean eta 2008an kutxen fuzioaren alde egin ez izana leporatu dio CCOOk EH Bilduri. Dena dela, EAJ-PP-PSEren koalizioaren kutxa ereduarengandik ere urruti dagoela azaldu du sindikatuak. Kutxak Kutxabankeko administrazio kontseiluan izango dituen lau ordezkariek kutxaren batzarreko aniztasuna irudikatzea eskatu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak ere uste dute iruzurra gerta daitekeela Kutxan, eta kezka azaldu dute. Biak dira Kutxaren erakunde sortzaileak. Martin Garitano diputatu nagusiak beldur dela esan du: "Beldur gara gaur iruzur bidez erabat nortasuna galtzea, eta bankarizazioaren poderioz esku pribatuetan gelditzea".
Arratsaldeko lauretatik aurrera egin dituzte BBK, Kutxa eta Vitaleko batzarrak. BBK-n, EAJk lortu ditu bederatzi ordezkari, CCOOk hiru, PSEk bi eta eragile sozialek bat. LABek eta Stop Kaleratzeak elkarteak elkarretaratzeak egin dituzte egoitzen atarietan. Aurrenak Kutxabank ez pribatizatzeko eskatu du, eta bigarrenak etxe kaleratzerik ez egiteko.
EAJk jarraituko du Kutxabank gidatzen
EAJk jarraituko du Kutxabank gidatzen. Hamabost ordezkarik osatzen dute Kutxabankeko administrazio kontseilua, eta kutxa bakoitzak bere pisuaren araberako ordezkaritza du bertan: BBK-k bederatzi eserleku, Kutxak lau eta Vitalek bi. EAJk arazo barik kontrolatzen du BBK, eta PPrekin partekatzen du Vitalen gaineko kontrola.
Fernando Arangiz popularra izango da Vitaleko zuzendari berria. BBKn, berriz, Mario Fernandezek jarraituko du zuzendari.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.