Energia

Castejongo zentralak eta Orkoien-Ezkabarte goi tentsioko linea salatu dituzte parlamentuan

Sustrai Erakuntza Fundazioko kideak eta zentralen eta goi tentsioko linearen aurkako plataformetako herritarrak Nafarroako Parlamentuko Ingurumen Batzordean izan dira. Enpresa elektrikoen interesei lehentasuna ematea kritikatu dute.

edurne elizondo
2013ko ekainaren 4a
13:45
Entzun

Energia ereduak mintzagai izan dituzte gaur Nafarroako Parlamentuan. Castejongo zentral termikoen auzia jorratu dute, batetik; eta, bertzetik, Orkoien eta Ezkabarte artean egin nahi duten goi tentsioko linea. Ingurumen Batzordeko kideen aurrean agertu dira Sustrai Erakuntza Fundazioko kideak eta zentralen eta goi tentsioko linearen aurkako herritarren plataformetako bozeramaileak. Bi lan saio egin dituzte, baina haien diskurtsoetan hainbat ideia nagusi errepikatu dira: batetik, zalantzan jarri dute Nafarroak azpiegitura horiek behar dituenik; eta, bertzetik, haien bidez energia elektrikoaren esparruko enpresen interesei lehentasuna ematen zaiela salatu dute. Erriberako Termiko Gehiagorik Ez plataformako kide Pablo Lorentek gogoratu du Madrilgo Justizia Auzitegiak hirugarrenez legez kanpokotzat jo duela Castejon 3 zentrala. Azpiegitura horrek herritarren osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien kalteak ere salatu ditu. Legea betearazteko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Goi tentsioko linearen kontrako plataformako kide Sara Zalbak, berriz, nabarmendu du Orkoien eta Ezkabarte arteko proiektua oraindik ez dela gauzatu, eta bertan behera uzteko garaiz direla. Nafarroak halako azpiegiturarik ez duela behar erran du.

Iritzi bera agertu du Sustrai Erakuntza Fundazioko kide Xabier Zubialdek, eta argi utzi du Nafarroak bertzelako eredu energetikoa behar duela. Lehendabiziko urratsa energia aurreztea dela nabarmendu du, eta erantsi du ez direla gauza bera nafarren interesa eta energia elektrikoaren esparruko enpresena.

Nafarroako Parlamentuko kideek iritzi ezberdinak jarri dituzte mahai gainean. UPNk, PSNk eta PPNk garapenari uko egitea egotzi diete, batez ere, Bilduri eta Aralar-NaBairi. Azpiegituren eragina ahalik eta gehien murriztearen alde agertu dira, baina beharrezko direnean eragiten dituzten kalteak ere onartu behar direla azpimarratu dute. Bilduk, Aralar-NaBaik eta Ezkerrak, berriz, egungoaren hagitz bertzelako eredu energetikoaren alde egin dute Nafarroarentzat. Egun enpresen interesak lehenesten direla salatu dute. "Enpresek agintzen dute", salatu du Bilduko Victor Rubiok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.