Euskarak larrialdietan dirau

2013ko ekainaren 21a
14:24
Entzun

Osakidetza abian jarri zenetik 30 urte igaro dira, eta 31 Euskararen Legea onartu zenetik. Baina hogeita hamar luze ez dira nahikoak izan euskara Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun zerbitzu publikoan normalizatu eta euskaldunei osasun arta euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzeko. Dudarik gabe, horixe da Osakidetzak, urteurrena ospatzen ari den honetan, oraindik gainditzeke duen gaia.

Duela gutxi, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2012ko txostena aurkeztu zuen. Osasun arloari dagokion atalean, Behatokiak "gabezia nabariak" aipatzen ditu: "Egoera ez da urtez urte aldatzen, eta herritarrok, askotan, ezin dira egokitu zaien pediatra, mediku, erizain, eta abarrekin beren hizkuntzaz mintzatu". Hizkuntza paisaian, euskarri idatzietan, teknologia berrien bidezko zerbitzuan eta abarretan dauden gabeziak aipatzeaz gain, hizkuntza eskubideen hainbat urraketa jakin aipatzen dira txostenean, bereziki Amezketan (Gipuzkoa) eta Gros auzoan (Donostia) gertaturikoak.

Elebidek ere, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak, joan den astean jakinarazi zuen Osakidetza izan zela hizkuntza eskubideak urratzeagatik 2012an kexa gehien jaso duen administrazioetako bat, 21 kexarekin. "Osakidetza denez kexa horien iturburuetako bat, adierazi nahi dugu Osakidetzak aurre egiten diela eta egingo diela gabezia hauei", adierazi zuen Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak.

Euskara Plana

2005ekoa da Osakidetza euskalduntzeko lehenengo plangintza, 2011 urtera arteko epea ezartzen zuena, gero urtebetez luzatu bazen ere. Osakidetza 1982an sortu zen, baina hamar urte behar izan zituen gaur egun duen egitura osatzeko, eta, horren ostean, berregituratze eta gogoeta prozesu bati ekin zion, 1997ko legean gauzatu zena. Zeregin horiek guztiak amaituta hasi ziren Osakidetzaren euskalduntze plangintzaren beharra mahai gainean jartzen.

Roberto Manjon (Abanto, Bizkaia, 1959) administrazioko euskara teknikaria eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko kidea da. Bera izan zen Osakidetzak izan zuen lehenengo euskara teknikaria, 1992an, eta erakunde horretako Euskara Zerbitzuko burua ere izan zen. Bere ustez, egia da Osakidetzak lehen urte haietan egindako bidea "korapilatsua, gorabeheratsua eta batzuetan malkartsua" izan zela eta zeregin askori egin behar izan ziotela aurre, baina pentsatzen du horrek ez duela "zuritzen" erakundearen jarrera. "Egin zena baino askoz gehiago egin zitekeen", adierazi du, "ez beharbada plan orokor eta orohartzaile bat diseinatuta, baina bai tokian tokiko neurriak hartuta inguru euskaldunetan".

Eta zergatik ez du euskararen normalizazioak bide azkarragorik egin Osakidetzan? Manjonen ustez, erakundean zein osasun sailean egon diren zenbait arduradunen interes faltak zerikusi handia izan du horretan. Eta adibideak ematen ditu: "Iñaki Azkuna [1991tik 1999ra Osasun sailburu izandakoa] eta haren taldea ez dira batere sentiberak izan euskarari dagokionez. Rafael Bengoa, berriz, Azkunaren taldekoa zena, sentibera barik arerio izan dela esan dezakegu, eta sailburu izan zen garaian [2009tik 2012ra] euskararen prestigioa hondatzeko lana egin zuen".

Hala ere, Manjonek ez ditu denak zaku berean sartu nahi, eta nabarmentzen du agintari batzuek ahalegin handia egin dutela euskara Osakidetzan bultzatzeko, "beharbada, goragoko beste agintari batzuen kontrako jarrerei aurre eginda", eta Maria Jesus Mujika Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendari izandakoa edo Gurutzetako ospitaleko kudeatzaile ohi Mikel Alvarez aipatzen ditu horren adibidetzat.

Emaitza "apalak"

Euskara Planari dagokionez, Manjonek uste du emaitzak "apalak" izan direla, "hobeak inguru euskaldunagoetan, baina apalak betiere", eta, beste arrazoi batzuen artean, "Lakuan egon den ikuspegi arrazionalista" aipatzen du horren erantzuletzat, "Osakidetzari hizkuntz eskakizunen berezko sistema edukitzea galarazi zuena, esate baterako". Baina besterik ere egon da, Manjonen ustez: "Sindikatuak ez dira izan administrazioa baino hobeak. Zenbait arlotan, administrazioa baino atzeratuago ibili dira, eta sindikatu guztiez ari naiz".

Lehenengo Euskara Planaren behin betiko ebaluazioa amaitu ostean, bigarren plangintza erredaktatzeari ekin diote, Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordearen aurrean egindako agerraldian iragarri zuenaren arabera. Asmoa da bigarren plangintza hori udazkenean aurkeztu ahal izatea Osakidetzako administrazio kontseiluari, onar dezan.

Manjonek ez daki zeintzuk izango diren Euskara Plan horren ildo nagusiak. "Zantzu on batzuk" badaudela uste du: "Orain arte egon direnen artean, lehendakaririk euskaltzaleena da Urkullu, eta ezagun zaio euskara normal erabiltzen duela bere inguruan, orain artekoekin gertatzen ez zena; [Jon Darpon] Osasun sailburu berriak Osakidetzako agintari eta zuzendari guztiak bildu ditu, eta esan die euskara lehentasun estrategikoa dela, orain arte inork egin ez duena, eta larria da hau esatea; [Jon Etxeberria] Osakidetzako oraingo zuzendari nagusia euskaltzalea da, eta abar".

Horregatik, Manjonek uste du plan berrian aurrerapen batzuk egon daitezkeela: "Suposatzen dut derrigortasun datak gogortuko dituztela, eta, beharbada, gai estrategiko batzuk ere jasoko dituzte". Hala ere, Manjonek zehazten du "konparazio batera jarrera hobea" sumatzen badu ere, horrek ez duela esan nahi "baikorra" denik. Izan ere, gero eta gutxiago sinesten du plangintzen ereduan, "neurri handi batean huts egin duelako. Eredu horrek muga jakinak ditu, eta uste dut euskaldunok teknizismoen inguruko eztabaidetatik urrundu beharko genukeela, eta beste modu batera jokatu".
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.