AHTaren aurkako bizikleta martxa Donostian amaitu dute

2013ko abuztuaren 1a
17:12
Entzun

Altsasutik (Nafarroa) uztailaren 25ean irten zen Mugitu! mugimenduak antolatutako bizikleta martxa, eta gaur eguerdian amaitu da Donostian. Azkeneko kilometroa oinez egin dute, manifestazio zaratatsu baten bitartez, Artzain Onetik Bulebarrera. Manifestariek bidean herritarrei informazioa banatu diete, AHTaren aurkako oihuak egiten zituzten bitartean. Oihuen artean izan dira "Ama lurra defenda dezagun", "AHT gelditu, lurra berreskuratu", "Herria bizirik, AHTrik ez" eta "AHTaren dirua gastu sozialentzat". Eusko Jaurlaritzako egoitzan abiadura handiko trenaren aurkako hamaika pegatina jarri dituzte. Kutxako hitzaldi aretoaren atarian, berriz, marrazkiak egin dituzte eta hainbat kaltetuk euren testigantzak azaldu dituzte. Ogasuneko egoitzaren aurrean ere egin du geldialdia protestak. 

Bulebarrean amaitu dute bizikleta martxa. Martxaren zortzi egunotan baserritarrekin eta beste proiektu txikitzaileen aurka ari direnekin egon direla nabarmendu dute. "Desobedientziarako gure arima elikatu dugu", azaldu dute. "Abiadura motelak oreka eta elkartasuna dakar", aldarrikatu dute. Aitor Esnaola espetxean dagoen artzainari eskainitako gutun bat irakurri dute. Eta martxari amaiera emateko, AHTaren aurkako bertsoak kantatu dituzte, umore onean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.