Musika

“Hamalau omenaldi txiki” Imanol Urbietari

Haren omenezko disko bat plazaratu dute hainbat musikari eta taldek elkarlanean.

Jose Luis Zumetak egindako azala.
2013ko azaroaren 22a
17:11
Entzun

“Nekez eskertu diezaiokegu Manolori egin duen guztia”, aitortu du Gari Berasaluze Zarauzko Udaleko Kultura zinegotziak, baina Imanol Urbietaren omenezko diskoarekin keinu txiki bat egin nahi izan diotela azaldu du, zor zaion guztia "maitasunez itzultzeko”. Musikari eta talde askok hartu dute parte proiektuan, eta diskoa Euskal Herriko egungo musika ikuspegiaren argazki bat dela adierazi du Mikel Kazalis proiektuko koordinatzaileak. Besteak beste, Eñaut Elorrietaren, Pettiren, Joseba Irazokiren, Anariren eta Fermin Muguruzaren bertsioak bildu dituzte diskoan.

Gure haurtzaroko soinu banda izan dira Urbietaren abestiak Kazalisen hitzetan, eta musikari naiz talde bakoitzak Urbietaren abestiak “bereganatzen” asmatu duela gaineratu du. Josebe Ormazuri Elkar diskoetxeko kideak, hain zuzen ere, Urbietaren abestien funtsa mantenduz musikari bakoitzak “oso berea” duen abestia sortu duela goraipatu du, “kantu bitxi eta ederrak sortuz”.

Hamalau abesti ditu diskoak, horietako hamairu Urbietak sortutakoen bertsioak dira, eta azkena Andoni Egañak musikariari eskainitakoa. Proiektuaren arduradunek argitu dutenez, ez da haurrentzako diskoa, nahiz eta haurrek ere gustuko izango dutela ziurtzat jo duten. Berasaluzeren esanetan, hiru belaunaldi batuko dituen diskoa da, abesti horiekin hezi diren belaunaldiak eta gaur egun haur direnena, hain zuzen ere. Aipatutako musikariez gain, Jose Luis Zumetak ere hartu du parte proiektu honetan, berak diseinatu baitu diskoaren azala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.