Aizkora

Azurmendik itzalean utzi ditu denak, Nazabal tartean

Orain bi urteko balentria berdinduta, gipuzkoarrak irabazi zuen atzo Maila Nagusiko Aizkora Txapelketa, Elgoibarren, Aitzol Atutxari eta Floren Nazabali aurrea hartuta.

Iñaki Azurmendi. GORKA RUBIO, ARP
2013ko abenduaren 9a
15:06
Entzun

Ustez faborito bakarra zegoen, atzo, Maila Nagusiko Aizkora Txapelketako finalean, Elgoibarren (Gipuzkoa), baina Iñaki Azurmendi beasaindarrak ezusteko handi samarra eman zuen azkenean, sendotasunaren bidetik guzti-guztiak atzean utzita. Orain bi urte egin bezala, bi besoak altxatuta amaitu zituen lanak gipuzkoarrak. Aitzol Atutxa dimarra sailkatu zen bigarren, oso saio ona eginda, eta Floren Nazabal faborito nagusia hirugarren, bererik eman ezinda. Joxemari Olasagasti, Unai Otaño eta Jon Irazu sailkatu ziren atzetik.

Atzetik aurrerako lana egin zuen Azurmendik, azken postuan zihoalako lehen enborrean (Olasagastik ekin zion buru-buruan finalari). Baina zazpigarren enborrean buruan jarri, eta aldea handituz joan zen amaierara arte. Bigarren posturako lehia izan zen dotoreena hortik aurrera. Nazabal hamabost segundo aurretik zen bederatzigarren enborra ebakita, baina bizi amaitu zituen lanak Atutxak, eta 45 segundoko aldea atera zion, azkenean, faborito nagusiari. Olasagastik ere estutu egin zuen azkenerako Nazabal, 25 segundo eskasera gerturatuta. Baina ez zen gai izan hirugarren postua kentzeko. Txapela janzteko hautagaietako bat zen arren, nahi baino makalago aritu zen Otaño, eta Azurmendirengandik ia bost minutura amaitu zituen lanak. Irazuk, berriz, estreinako finala izan zuen atzokoa (azken unean sartu zen, Jon Rekondo ordezkatuz), eta maila txukuna eman zuen zizurkildarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.