Iritzia. Oier Zearra Garabieta: Atzerapenik ez

2014ko urtarrilaren 11
16:46
Entzun

Pilota munduan azken urteotan atzerapenak ohiko bihurtu dira txapelketetan. Ez dakit zein pilotarik min hartu, gaixotu, istripua izan edo beste edozein ezbeharrengatik atzerapena eskatu ohi du eta lehiaketako epaile-bakarrak normalean atzerapena ematen du. Finala, finalaurrekoa edo ligaxkako jardunaldia astebetez edo bi astez atzeratzen da.

Eskubideetaz ari garenean, ordea, atzerapenak ez dira onargarriak. Atzerapen guztiak dira gehiegizkoak, injustuak. “Lehiaketako” araudia beraien interesen arabera aldatu, manipulatu edo interpretatuz etengabe aitzakiak jartzen dituzte estatuek eskubideen errespetuan atzerapenak eta atzerapausuak inposatzeko. Gainera, atzerrian, desherrian, ehundaka kilometrotara dauden pilotalekuetan beraien partiduak jokatzera behartzen dituzte eskubide-gabeko ehunka herritar eta hauen familia zein lagunak. Astero-astero lur arrotzetan zehar ibili behar maite dutena ikustearren, agurtzearren, besarkatzearren,… Hemen ere, itxuraz, pilota munduan bezala, 1. eta 2. mailako “pilotari” edo herritarrak daude. Niri ere suertatu zait urrutira, oso urrutira joan beharra pilotari-lagun bati bisita egitera. Eta hango pilotalekuak ez dira Euskal Herrikoak bezalakoak. Hotz handiagoa egiten du, nahiz eta haraino ere ailegatzen den gure herriko berotasuna. Baina Euskal Herrian nahi ditugu, etxetik hurbil, etxekoengandik hurbil, etxean.

Gure partida Euskal-Herriko pilotalekuetan, kaleetan, joka dadin nahi dugu. Eta partida berdintasunean jokatu nahi dugu. Baina horretarako guztiok izan behar dugu gure eskubideen jabe. Guztiok.

Horregatik, gure esku dagoena egin dezagun, “lehiaketako” epaile bakarrak esaten duenari kasu handirik egin gabe. Eskuz-esku, eskutik helduta edo eskua emanda. Tantak olatu eta olatua itsaso bihurtu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.