EGITURA

Carlos H. Waisman: "Krisiaren ondorioz industrian galdu diren lanpostuak ez dira itzuliko"

Iraultza teknologikoak etorkizuneko industrian izango dituen ondorioak aztertzen ari da Waisman doktorea. Robotika eta manufaktura gehigarriaren garapenak luze gabe gizakien lan indarra ordezkatuko duela espero du.

Ainhoa Larrabe -

2014ko otsailak 16

Soziologian doktorea da Carlos H. Waisman argentinarra. Leioako EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko "etorkizuneko lantegiak" mintegietan parte hartu berri du. Bertan, iraultza teknologikoaren ondorioz sortuko diren fabriken eraginak aztertu zituen. Argi du Waismanek: industriaren eraldaketa baten aurrean gaude.

Zer dira etorkizuneko lantegiak?

EIraultza teknologikoa lan industria eraldatzen ari den prozesu bat da, eta datozen urteetan areagotu egingo da. Zergatik? Bi arrazoi daude joera hori ulertzeko. Batetik, robotikaren garapena, eta, bestetik, manufaktura gehigarrien zabalpena. Hauts tamainako material zatiak batuz produktua osatzen du azken horrek. Hiru dimentsioko inprimagailuak dira horren adibide. Beraz, esaldi bakar batean laburtuko nuke etortzear dagoen egoera: enpleguak leku gutxi edukiko du etorkizuneko fabriketan.

Zein izango da robotikaren funtzioa etorkizuneko lantegian?

Orain arte, beso robotikoa nagusitu da. Egoera oso definituetan egin izan dute lan: prozesu errepikakorretan eta, betiere, gizakien lan esparrutik bereizita. Eta hori errotik aldatu da humanoideak asmatu zirenetik. Alegia, gizakien antza duten robotak agertu zirenetik. Programatzeko oso errazak izateaz gain, gizakiekin interakzioan egin dezakete lan. Garapen horri roboten kostuak izan duen beherakada gehitu behar zaio. 45.000 dolarren truke eskuratu daiteke horietako bat, eta horrek langile ugari ordezka ditzake. Europa mendebaldeko autogintzak aukera bakarra du lehia ekonomikoan bizirik irauteko. Hau da, robotizatu gabe, mendebaldeko industria hil egingo da.

Eta manufaktura gehigarriaren sektorea?

Manufaktura gehigarriak ekoizpen prozesua konprimitzen du. Hau da, azken produktua ekoizten du, aurreko ekoizpen etapak desagerraraziz. Adibidez, gaur egun egiten diren audifonoen %90 hiru dimentsioko inprimagailuen bidez egiten dira. Alde batetik lehengaiak sartu eta beste aldetik azken produktua ateratzen da. Ez du behar muntaketa lanik. Enpresa batek lehengaiak eta lan tresnak produzitzea ahalbidetzen du horrek, eta manufaktura prozesua guztiz eraldatuko du. Robotekin gertatu bezala, inprimagailuen kostua ere asko ari da jaisten. Mila dolar baino gutxiagoren truke lor daiteke horietako bat.

Krisi ekonomikoak eragina izan du prozesu horretan?

Elkarri eragiten dioten prozesu bi dira. 2008ko krisiaren ondorioz, industrian lan ugari galdu da, eta galtzen ari da. Ekonomia apurka ari da suspertzen, baina galdutako lanpostu horiek ez dira itzuli. Eta ez dira itzuliko ere, iraultza teknologikoarekin bat egiten duelako prozesu guztiak.

Robotikak eta manufaktura gehigarriek giza lanaren eskaintza txikituko du, hortaz.

Arestian aipatutako bi prozesu horien eragina ezohikoa izango da. Etorkizuneko industriak KPIaren proportzio oso handiak ordezkatuko ditu, baina lan indarraren neurri oso txikiarekin. Batetik, kualifikatu gabeko lan eskaintza asko murriztuko da industrian. Eta espezialitate eta lanbide industria ere asko murriztuko da, makinek ordezkatuko dutelako lan hori: arotzak, tornulariak... Horiek guztiak hiru dimentsioko inprimagailuek ordezkatuko dituzte. Kualifikazio altua behar duen enplegua izango da gora egingo duen bakarra. Esaterako, robotak edota inprimagailuak programatzen dituztenak. Horientzat lan eskaintza egongo da, baina industria langileen masa handi horrentzat ez. Hortaz, garapen industrialaren erronka nagusietako bat hori da: nola erantzun iraultza teknologikoari lan terminoetan.

Nola egin dakioke aurre lan eskaintzaren murrizketa horri?

Hezkuntzan dago klabea. Industria teknologikoaren ondorioz ordezkatutako pertsonak gizarteratzeko aukera izan beharko lukete, gaituak diren zerbitzuetan eta ez behe mailako lanetan. Hausnartzeko sistema malgu bat behar da, industria berriak eskatzen duen gaitasunari erantzun ahal izateko. Estatuak erantzun prozesu horren agente zentrala izan behar du.

Zein betebehar dute gobernu eta erakundeek?

Estatu bakoitzak era ezberdinean egiten die aurre egoera horiei. Herrialde batzuek kalitatezko hezkuntza sistema daukate, eta berrikuntza sistemak estatuaren bultzada dute. Baina gizarte industrial guztietan ongizate estatua egokitu behar da. Eta ongizate estatuaz hitz egiten ari garenean, bideragarria ote den edo ez galdetzen diogu geure buruari. Baina orain beste zalantza bat gehitu beharko genioke. Zer egin behar du estatuak lan indarra etengabe berrezarri ahal izateko?

Zeintzuk dira, zure ustetan, zeregin horiek?

Bi lan daude. Batetik, kualifikazio altua duten ahalik eta langile gehiena sortzea. Eta hori hezkuntza sistemaren bidez lortzen da. Eta, bestetik, iraultza teknologikoaren aldaketaren ondorioz sortzen diren biktimak batzea eta horiek lanean jartzea.

Gizartearen aldaketa kultural baten aurrean gaude?

Zaila da gertatuko dena aurreikustea, oraindik prozesuaren erdian baikaude. Baina gizartea aldatu egingo da, ziur. Askok etxetik egingo dute lan, heziketa ere saretik jasoko dute, eta behar ditugun produktu batzuk ekoizteko makina etxean edukiko dugu. Adibidez, koilara bat behar dugunean, ez dugu erosi beharrik izango, hiru dimentsioko inprimagailuan egingo dugu. Gerta liteke etorkizunean eliteek zerbitzu ez automatizatuak jasotzea eta masak berriz zerbitzu automatizatuak jasotzea. Horren beldur naiz, eta horri aurre egin behar diogu.

Hortaz, desberdintasun sozialak handitu egingo dira iraultza teknologikoaren ondorioz?

Bai, ezberdintasunak eragingo ditu gizartearen barruan, eta baita gizarteen artean ere. Baina garapen teknologikoa geldiezina da, eta inozokeria bat litzateke hori gelditzeko ahaleginak egitea. Horra aurrez dugun beste erronka bat. Baliabideak jarri behar dira iraultzek ahalik eta ezberdintasun sozial gutxiena eragiteko. Kapitalismoak hasieratik talde batzuei mesede egin die, eta beste askori, kalte. Baina orokorrean, jende gehienarentzat onuragarria izan da. Prozesu bera gertatu zen informatika iraultzarekin. Lanpostu asko galdu ziren. Gauza bera pasatuko da orain iraultza teknologikoarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna