TXIRRINDULARITZA

Marco Canola indartsuena, esprintean

Etapa esprinterrentzat aproposa izanagatik, lasterketako ihesaldiak erabaki du, azkenean. Marco Canola (BAR) italiarra ihesaldian izan da hasieratik, eta aise helmugaratu da. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izango.

Olaia Juaristi.
2014ko maiatzaren 23a
18:16
Entzun

Fossanon hasi eta Rivarolo Canavesen amaitu da Giroko hamahirugarren etapa (157 kilometro). 220 bat metroko esprinta egin du italiarrak, beste bi txirrindularirekin batera. Eguneko ihesaldiak erabaki du etapa, eta, azkenean, hiru txirrindulari lehiatu dira helmugan. 3:37:20ko denborarekin irabazi du, esprintean, Marco Canolak (BAR). Jackson Rodriguez (AND) helmugaratu da bigarren, eta Angelo Tulik (EUC) hirugarren.

Laugarren mailako koska bat zuen etapak 123. kilometroan, eta gorako joera zuen amaierak ere. Lasterketa hasieran sei txirrindularik jo dute ihesaldia, baina azken kilometroetan erdiek bakarrik jarraitu dute. Canola indartsu aritu da lasterketa hasieratik, eta gora ere aise aritu da. Inoiz lortu duen etaparik handiena izan da gaurkoa Canolarentzat, profesionaletan inoiz halako etaparik irabazi gabe baitzegoen.

Esprinterrentzat aproposa zela uste bazen ere, hiru txirrindularik azken kilometroetan lortutako aldeak erabaki du aldea, eta esprinterrak aukerarik gabe geratu dira. Nekea nabarmendu da esprinterreko taldeetan gaurko etapan, eta indarberritzeari ekin beharko diote astebururako. 
Hamaika bat segundoko "hutsegitea" izan du tropelak, eta ezin izan du esprintean lasterketa buruan zihoazen hiru txirrindulariengana iritsi.

Bestalde, etapako zenbait unetan errepide bazterrak zurituta zeuden kazkabarragatik, eta, ondorioz, abiadura neutralizatu dute eguraldi txarraren ondorioz antolatzaileek.

Sailkapen nagusiari dagokionez berriz, ez da aldaketarik izango. Atzo, Rigoberto Uranek (Omega) erlojupekoa irabazi zuen, eta sailkapen orokorreko buruan jarraitzen du. 37 segundora dago Cadel Evans (BMC), ondoren Majka, 1.52ra, eta laugarren Pozzovivo, 2.32ra.

Bihar, mendiko etapa izango da: 162 kilometrotako lasterketa da, eta Aglien hasi eta Oropan bukatuko da.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.