Albistea entzun

Finantzak

IRPH indizearen aplikazioa bertan behera uztea onartu du Kutxak

Kutxabanken pribatizazioa saihesteko EH Bilduren proposamenak ez du behar besteko babesa jaso.

Protestak egin zituzten atzo Kutxako agoitzaren aurrean.
Protestak egin zituzten atzo Kutxako agoitzaren aurrean. Gorka Rubio / Argazki Press

Berria -

2014ko maiatzak 30 11:00

Kutxak hipotekei IRPH indizea aplikatzeari uztea erabaki zuen atzo administrazio kontseiluak, EH Bilduk aurkeztutako proposamena onartuz. Orain Kutxak Kutxabanki egingo dio eskaria. Aldiz, bertan behera geratu zen Kutxabanken pribatizazioa saihesteko egitasmoa. "Milaka pertsona bizitzen ari diren egoera larriaren aurrean, Kutxa ezin da izan arazoaren zati, konponbidearen zati baizik", Ainhoa Beola koalizio abertzaleko Kutxako ordezkariaren esanetan.

Kutxako kontseiluan, zenbakiak ez zituen alde EH Bilduk: zazpi eta zazpi kontseilariren berdinketa Xabier Iturbe presidentearen kalitatezko botoak hausten baitzuen. Kasu horietan, ezkerreko koalizioko eskarien kaltetan. CCOO sindikatuko ordezkaria abstenitu egin zen, ordea, eta horri esker atera zen aurrera EH Bilduren lehen eskaria, IRPH indizea bertan behera uztearena, alegia.

Bileraren hasieran hainbat herritarrek protesta egin zuten erakundearen Donostiako egoitzaren kanpoan: Stop Kaleratzeak eta IRPH Stop plataformetako kideek, besteak beste.

Kutxabankek emaitza ekonomiko txukunak eman arren, une korapilatsua bizi dute bankua osatzen duten hiru kutxek, eta bereziki Kutxak. Gipuzkoan banatuago dagoelako kutxaren kontrola. EAJk arazo barik kontrolatzen du BBK, eta PPrekin partekatzen du Vitalen gaineko kontrola. Kutxan, berriz, berdinduta daude indarrak EH Bildu eta Iturberen taldearen artean.

Beolak mahai gainean jarritako hiru gaiak, hain zuzen, puri-purian daude finantza erakundean eta gizartean. Batetik, Donostiako epaitegi batek Kutxa zigortu zuen joan den astean Tolosako bikote bati IRPHa aplikatzeagatik. Epaiaren ostean, beste 30 salaketa jarri dituzte IRPHaren kaltetuek kutxaren kontra. Bestetik, Beolak salatu du Kutxak "uko" egiten diola kaleratzeetan itunetara iristeari. Azken gai korapilatsua Kutxabanken pribatizazioarena da.

Akzioen salmenta

Madrilek iaz onartutako legearen bidetik, Kutxa, BBK eta Vital Kutxa banku fundazio bihurtuko dira urtea amaitu aurretik. Hasieran hiru fundazioek kontrolatuko dute Kutxabanken osotasuna, egungo proportzioetan: BBK-k akzioen %57, Kutxak %32 eta Vital Kutxak %11. Mario Fernandez Kutxabankeko buruak, ordea, aurreratu du zein den bere plana: bost urtetan, hiru kutxek bankuan duten partaidetza %100etik %30era jaistea. Fernandezen ustez, legea betetzeko eta gizarte ekintzari eutsi ahal izateko saihestezina da akzio gehienak esku pribatuei saltzea. Guztiz kontrako jarrera du EH Bilduk, eta akzio bakar bat ere ez saltzeko eskatu dio Kutxari.

Pasa den martxora egin behar da atzera ulertzeko zergatik dagoen Kutxaren erabakia Iturberen kalitatezko botoaren menpe. Arazoaren muina, halere, 2012ko azaroan, administrazio kontseiluaren sorreran topa daiteke. Hamabost kide ditu Kutxako kontseiluak: zazpik babesten dute Iturbe —EAJko hiru, PSEko bi, eta CCOOko eta Pixkanakako bana—, eta zazpik EH Bildu. Hamabosgarren aulkia hutsik dago martxotik. Javier Baraze DYAko ordezkariak dimisioa eman zuen, "DYA jarrera politiko bat hartzera ez behartzeko". Harrezkero, berdinketa kasuan, presidentearen botoak balio bikoitza du.

Baina Barazeren beraren sarrera korapilo politiko baten ondorio izan zen 2012ko azaroan. Iturbek berak zuzenean izendatu zuen, gizarte eragileen ordezkari izan behar zuena —Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko presidentea— prozedura arrazoiengatik baztertu ondoren. Auzia epaitegietan dago.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sanchez Galan, laugarrena ezkerretik, Espainiako Auzitegi Nazionalera iristen, atzo. ©ZIPI / EFE

Sanchez Galanek Villarejoren biktima gisa aurkeztu du bere burua epailearen aurrean

Jokin Sagarzazu

Iberdrolako buruak inputatu gisa deklaratu du Espainiako Auzitegi Nazionalean, komisarioaren espioitza auziekin lotuta. Esan du berak ez zuela baimenik eman

Espainiako banku txarrak salgai dituen etxebizitza batzuk. ©BERRIA

Sareben etxe guztien %0,3 baizik ez daude salgai Euskal Herrian: 139

Xabier Martin

Estatuak 'banku txarraren' kontrola hartu du. Ia 35.000 milioiko zorra dauka oraindik kitatzeko

Jose Maria Aristrain, eskuinean, haren argazki publiko baten batean. ©Berria

Jose Maria Aristrain enpresaburua errugabetzat jo dute

Iker Aranburu

Madrilgo fiskaltzak 52 urteko espetxe zigorra eskatu zuen haren aurkako epaiketan, baina epaileek ez dute deliturik frogatutzat jo.

Urtarrilaren 30erako mobilizatzera deitu duten sindikatuetako ordezkariak, atzo, Bilbon. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Grebarik ezean, manifestazioa

Imanol Magro Eizmendi

ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek lan erreformaren aurkako mobilizazio bateratuak antolatu dituzte hilaren 30erako. Ezustekorik ezean, deialdiak bidea itxiko lioke lanuzte orokor bati

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.