Eleak: "Gaurko albiste ona etorkizuneko albiste pozgarri gehiagoren aurrekari izan dadila"

2014ko ekainaren 11
18:33
Entzun

Eleak mugimenduak poza adierazi du berrogei gazteen absoluzioaren aurrean, baina, aldi berean, "amorrua" azaldu du "urteotan gazteok pairatu behar izan duten sufrimendu eta injustiziagatik, eta oraindik ere ehunka euskal herritar daudelako zuzenean mehatxatuak".

Gazte absolbituak eta gizarte osoa zoriondu ditu Eleak-ek: "Gaurkoa guztion garaipena da". Nolanahi ere, gogorarazi du berrogeiak duela bost urte atxilotu, torturatu eta espetxeratu zituztela: "Behin-behineko espetxealdian urteak eman zituzten. Beste urte asko eman dituzte epaiketaren zain, nork bere bizitza pertsonala baldintzatua erabat". Gizarteak "aspaldi" izendatu zituen errugabe, Eleak-en esanetan.

Alabaina, "arduratuta" jarraitzen du mugimenduak: "Udaren bueltan beste 28 gazteren aurkako makroepaiketa hasiko da. Ustezko delitu berdinak leporatzen dizkie Estatuak". Gainera, gogorarazi du dozenaka lagun daudela kartzelan Segi-ko kide izatea egotzita. "Gure gaurko poza, gaurko albiste ona, etorkizuneko albiste pozgarri gehiagoren aurrekari izan dadila. Desio hori egi bilakatu dadin, borrokan jarraitu beharko dugu", ondorioztatu du.

Erreakzio gehiago

Diana Urrea (Alternatiba): "Sistematikoki ezartzen dizkiguten gazteen kontrako politika errepresiboen gainetik, berri ezin hobeagoa da eredu alternatiboa aldarrikatzen dugun euskal gazte guztiontzat". 

Aralar: "'Segi auziko' sententzia aurrekaria da, eta eragina izan beharko luke 'herriko tabernen auzian'. Oso garrantzitsua da epai judizialetan urrats bat gehiago egin izana ideia batzuen defentsa, edozein direla ere, eta indarkeriaren erabilera bereizteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.