ekonomia

Kaltetuek IRPH indizea indargabetzeko eskatu dute Donostian

Elkarretaratzea egin dute Atotxako epaitegiaren aurrean, Kutxabanken kontrako epaiketa baten harira.

IRPH indizea baliogabetzearen aldeko elkarretaratzea. ARGAZKI PRESS
2014ko irailaren 22a
12:59
Entzun

Kaleratzeak Stop plataformak eta Gipuzkoako IRPHaren Kaltedunen Elkarteak eskatu dute IRPH Erakundeak indizea bertan behera utzi eta "lapurtutako" dirua itzultzeko. Rafa Mayoral Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformako ordezkariak salatu du indize hori aplikatzean "giza eskubideak urratzen" direla.

"IRPH indizea kriminala da, eta haren bultzatzaileak errudunak dira". EAJ, PSOE eta PP jo dituzte erantzule, Kutxa eta Kutxabanken administrazio kontseiluetan dituzten ordezkarien bidez "herritarren aurka" ari direlakoan.

Indizea bertan behera uztearekin batera, beste bi eskaera ere egin dituzte: IRPHa edo "abusuzko beste edozein klausula" zuten maileguen ondorioz kaltetutakoei etxebizitza itzultzea, eta kaltetutakoei kobratutako interesak bueltatzea, atzera eraginez.

Elkarretaratzearekin bat egin dute hainbat alderditako ordezkariek. Tartean daude Marian Beitialarrangoitia, Inko Iriarte eta Judit Garcia (Bildu) eta Tania Gonzalez europarlamentaria (Podemos).

Donostiako familia bat epaiketan

Bien bitartean, epaitegi barruan Kutxabanken aurkako epaiketa izan du Donostiako familia batek. Jose Ignacio Armendariz epaiketara joan den familiako kideetako bat da. Emaztearekin eta bi semeekin bizi da (12 urtekoa bata eta 18 urtekoa bestea), eta IRPH Erakundeak kaltetuta dago. Zehazki, 25 urteko hipoteka bat du, eta 15 urte daramatza ordaintzen.

"51 urte ditut; beraz, 62 urte izan arte jarraituko beharko nuke bidagabekeria hau ordaintzen. Ea lehenbailehen mozten den", argitu du Armendarizek. Bere kasuan, epaiketa irabaziko balu, hipoteka bertan behera geratuko litzaiokeela uste du. "Abokatuen kontua da, baina guztia atzera botako balitz, eta Kutxabankek negoziatu nahiko balu, agian hipoteka ordaindua geratuko litzaidake. Orain arte ordaindutako hamabost urteekin, gainontzeko hamar urteak ordainduak geratuko litzaizkidake".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.