Finantza erakundeak

Kutxabankek eta BBVAk gainditu egin dituzte EBZk egindako ebaluazioak

Kutxabankek erakutsi du kaudimen handiena Espainiako Estatuko finantza erakundeei egindako azterketan, %11,9ko tasarekin. BBVAk %9ko kaudimena duela dio azterketak. 

Kutxabank izan da Espainiako Estatuan kaudimen tasarik altuena lortu duen finantza erakundea. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS
2014ko urriaren 26a
07:50
Entzun

Europako Banku Zentralak Europa osoko finantza erakunde garrantzitsuenei egindako ebaluazioaren emaitza argitaratu du. Euskal Herrian egoitza duten bi bankuei —Kutxabank eta BBVAri— ere egin zaie azterketa, eta biek gainditu dute. Kutxabankek erakutsi du, gainera, Espainiako Estatuan azterketa egin zaien hamabost finantza erakundeen artean kaudimen mailarik altuena, %11,9rekin. BBVAk, berriz, %9ko kaudimen tasa eskuratu du.

Orotara, 127 finantza erakunderen balantzeak arakatu ditu EBZk, aktiboen kalitatea neurtzeko asmoz. Europako Banku Agintaritzarekin (EBA) elkarlanean, gainera, estres azterketak egin dizkie 122 bankuri, eurogunetik kanpokoak barne. Guztira euroguneko 25 finantza erakundeetan 25.000 milioi euroko defizita erakutsi dute azterketek. Jakinarazi dutenez, banku horiek hurrengo bi asteetan aurkeztu beharko dituzte haien kapital planak, eta bederatzi hilabeteko epea izango dute kapitalaren defizita konpontzeko. 

Azterketa mugarria izango da euroguneko bankuak kontrolatzeko ikuskari bakarra sortzeko prozesu historikoan. Izan ere, heldu den azaroaren 4tik aurrera garrantzi sistemikoa duten 130 finantza erakunderen kontrol zuzena hartuko du bere gain EBZ Europako Banku Zentralak.

Hiru helburu lortu nahi dira azterketa berriaren bidez. Lehenik eta behin, gardentasuna handitzea, bankuen egoerari buruz dagoen informazioaren kalitatea hobetuta. Bigarrenik, aurrera begira izan daitezkeen arazoak atzeman eta konpontzeko neurriak hartzea. Hirugarrenik eta azkenik, konfiantza indartzea, eragile guztiei bankuak sendo daudela erakutsita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.