Koldo Nuñez Betelu.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Ahatea eta iruzurra zientzian

2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Kanadako Artikoan ari nintzen geologia azterketak egiten 1992ko udan, Axel Heiberg irlan hain zuzen ere. Arbel beltzetako malda batean ari nintzen laginak hartzen uztaileko goiz eguzkitsu batean, eta, halako batean, harriari doi-doi itsatsitako hezur mehe bat bildu nuen; horren ondo kontserbatutakoa izaki, egungo hegazti batena zirudien. Jaso, gorde eta laborategira eraman nuen fosila. Bertan, berehala geratu zen argi goiz hartan txiripaz aurkitutakoa duela 65 bat milioi urte suntsitutako itsas hegazti espezie batena zela. Hegaztia Hesperornis generokoa zen, hortzak eta oso hego motzak zituen, eta bi metro luze izatera iristen zen. Garai hartan Artikoan ez zegoen izotzik, klima egungoa baino askoz epelagoa eta uniformeagoa zen mundu osoan eta hegazti hauek urte osoan bizi zitezkeen goiko latitudeetan arrainak janez. Aurkitutako hezurra, lehorretik urrun zegoen hegazti batena zen. Agian ekaitz baten erdian, gaixotasun baten ondorioz, edo marrazo baten hortzetan hilko zen, baina hori ez daukagu jakiterik; ez dugu jakingo. Ez nekien orduan ere, Marsh paleontologo famatuak AEBetako mendebaldean aurkitu eta deskribatu zuela lehenengo aldiz.

Baina Marsh ez da bereziki ezaguna Kretazeo berantiarreko itsas hegazti hau lehendabiziz deskribatzeagatik, ez; Marsh ezaguna da Cope paleontologoarekin izandako lehiarengatik. Marsh eboluzioaren aldekoa zen; Cope, aldiz, neolamarckiarra zen, Darwinen teoria ez zuen onartzen alegia. Cope familia aberats bateko semea zen, eta Marshek osaba diruduna zuen. Hasieran ia lagunak izatera iritsi ziren, eta elkarren ohorean zenbait espezie berriri lagunaren izena eman zieten, baina laster lehia bizi eta zikinean sartu ziren, alegia «hezurren guda» izenarekin ezagutu zen lehia gaiztoan. Dena XIX. mendearen 70eko eta 80ko hamarkadetan gertatu zen, hots, AEBetako mendebaldean ornodun handien fosilak aurkitzen eta deskribatzearen sukarra piztu zenean. Garai hartan milaka fosil bildu ziren, eta espezie berri asko eta asko, artean 142 dinosauro berri, izendatu eta deskribatu. Bi paleontologo hauek, famaren atzetik, ehunka espezie berri deskribatu zituzten, askotan batera eta izen desberdinekin, lasterketa ero batean. Fosilak lortzeko era guztietako bideak erabili zituzten. Fosilak eta «fosilen ehiztariak» eta elkarren langileak erosi, elkarri fosilak lapurtu, gezurrezko deskribapenak egin, elkar erasoan argitalpen zientifiko eta hedabideetan... Bide guztiak erabili zituzten, eta beren dirua ere erabat xahutu zuten guda horretan, diru guztia galdu arte. Marsh metodikoa zen, eta deskribapen zehatzak egiten zituen; aldiz, Cope ez zen horren fina lanean. Azkenean, Marshek 80 dinosauro espezie berri deskribatu zituen, eta Copek 56, soilik. Horretaz gain, hainbat narrasti eta ugaztun berri izendatu zituzten. Zoritxarrez, guda horretan akats asko ere egin zituzten. Hainbat eskeleto gaizki muntatu zituzten; esaterako, Elasmosaurus itsas narrasti handienaren eskeletoari Copek burua buztanaren puntan jarri zion. Presaka, zorroztasunik gabe, gaizki egindako deskribapen eta muntaiek urteak iraun dituzte oker, zuzendu diren arte.

Bi paleontologoen arteko lehiaren oinarrian bakoitzaren izaera egozentrikoa egon zen; guztien gainetik jarri zuten, edozein preziotan. Zientziaren munduan ez zen lehenengo aldia izan, eta hainbatean gertatu izan da. Azken batez, zientzialariak pertsonak dira. Ez da horrela beti, inolaz ere, baina ez da arraroa ere interes pertsonalak kolektiboen gainetik jartzea. Cope eta Marshen artean gertatutakoak alde onak izan zituen, espezie berri asko eta aztarnategi asko aurkitu zirelako; baina bide gaiztoak erabili zituzten biek maiz, baita oker zientifiko asko egin ere. Paleontologia garrantzitsua da, baina badaude zientzian aplikazio hurbilagoak dituzten arloak. Horietan iruzurrak kalte zuzen handia egin ahal dio gizakiari. Zientziaren munduak duen prestigioak zintzotasuna, apaltasuna eta heldutasuna behar ditu oinarri; ez, aldiz, interes ilun zein egozentrikoak. Bestela, Artikoko hegaztiari gertatutakoa gizakioi ere gertatuko zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.