Ezarian. Zientzia. Iritzia

'Big Science'

Javier Armentia
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Unibertsoa ulertzeko modua aldatuko duen mugarria da ALMA. Azken hamarkadetan euren teoriak eta ereduak aldatu behar izan dituzte astronomoek behaketa berriek eraginda. Hala onartu du aurtengo Fisikako Nobel saridun Saul Perlmutterrek. Galaxietako supernobak behatzen jardun zuten bi zientzialari taldek. Unibertsoaren zati handi bat (hiru heren ia) «energia iluna» izanda soilik uler zezaketen behatutakoa. Hedatze kosmikoa azkartzen duen indarra da hori. Aurreko behaketei esker informazio gehiago lortua zegoen: argia hedatzen duten gas hodeiek eta izarrek osatzen duten materia bakarrik materia osoaren zati txiki bat da, hori baino ez.

Behaketa astronomikoa oinarrizkoa da unibertsoa ezagutzeko. Unibertsoaren eboluzioa finkatzen duten fenomeno ugarik, adibidez izarren jaiotza, haien inguruan eratzen diren planetak, galaxien eboluzioa eta nola elkar eragiten duten… ez dute argirik igortzen, ikusteko moduko mailan behintzat. Fenomeno batzuk antzemateko X edo gamma izpietako teleskopioak behar dira; beste batzuentzat irrati-teleskopioak behar dira, objektu ahulen energia antzemango bada. Eta, gainera, bereizmen handian ikusi behar dira. Arazoa da, ordea, ez dela erraza gero eta handiagoak eta hautemateko gaitasun handiagoa duten teleskopioak egitea. Soilik nazioarteko elkarlanaren bidez diseina daiteke ALMA proiektua. Hamasei antena baino ez dituzte zabaldu orain, kosmosetik datozen irrati uhinentzako begiak inondik ere. Teleskopio erraldoia erabat bukatzean 66 izango dira. Ingelesez dioten horrek azaltzen du egitasmoa: Big Sciencie, milioi askotako inbertsioko proiektuak, hamarkadak behar dituztenak diseinatu eta eraikitzeko.

Baina ALMAk lortuko du astrofisikariek gaur egun ezezagun dituzten objektuen argi ahula antzematea eta deskodetzea, eta, hala, unibertsoaren eredua hobetu egingo dugu. Gizakiak historian bere buruari egin dizkion oinarrizko galderen arteko batzuk daude erdian: nor gara, nondik gatoz, nora goaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.