Elikadura. Ardoxka

Comando G

Roberto Sarriugarte
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Hirurogeita hamarreko hamarkada amaieran eta laurogeiko hamarkada hasieran, telebistan Comando G marrazki bizidunak ziren izar nagusiak. Tiny, Keyop, Jason, Mark eta Princesak babesten gintuzten Spectra planetako alienigenen erosetatik...

Eta Comando G jarri diote izena Madril inguruko hiru enologo gaztek beren proiektuari. G hori Gredos eta Garnatxa hitzen hasieratik omen dator, Gredos mendilerroan daudelako eta garnatxarekin lan egiten dutelako. Eta ardoa egiten dute, jakina, ezinongo erasoetatik babesteko; baina bai eguneroko errutinatik ihes egin eta ardozaleoi ardo bereziak eta pertsonalak eskaintzeko.

Marc Isart mahastizaina eta Bernabelevako enologoa, Fernando Garcia Marañones upategikoa eta Daniel Gomez Gimenez-Landi upategikoa dira proiektu honen bihotza eta arima. Hiru hektarea mahasti baino ez dituzte, denak garnatxa zaharrez osatuak eta eta 900-1.000 metroko altueran kokatuta, Madrilgo Cadalso de los Vidrios eta Rozas del Puerto Real herrietan. Nekazaritza biodinamikoa egiten dute.

Altuerarekin heldutasun orekatuago bat lortu nahi dute, eta ardo fresko eta dotoreagoak, finagoak.

Zenbat eta altuera handiagoa, orduan eta eguna eta gauaren arteko kontraste termiko handiagoa. Heldutasuna motelduz eta azidotasuna eta azukrea hobeto mantenduz mahatsetan.

Bestalde, altuera horietan lurrak ez dira hain emankorrak eta sustraiek lan handiagoa egin behar dute ura zein gatz mineralak lortzeko, eta horrek mahatsaren kalitatea hobetu egiten du.

Bi ardo egiten dituzte: La Bruja Averia eta Las Umbrias.

La Bruja Averia upategiko oinarrizko ardoa da. Lurrari, klimari eta Comandoaren lanari esker, garnatxa zintzo, fresko, dotore eta erraza, orekatua lortzen dute. Cadarson daude ardo hori egiteko erabiltzen diren garnatxak, 900 metroko altueran.

Las Umbrias beste kontu bat da. Gredosko mendilerrotik oso gertu dagoen 0,5 hektareako granitozko eta lantzeko oso zaila den lur sail batetik hartutako garnatxa zaharrez eginda dago ardo hori. Itzal handiko toki batean dago, eta hortik ardoaren izena.

Eskuz biltzen da mahatsa, kontu handiz, eta hartzidura alkoholikoa upel handietan (fudre) egiten da, inongo legamiarik gehitu gabe. Gero, hamabi hilabetez egoten da 500 litroko upel frantziarretan.

Emaitza ardo izugarri aromatiko bat da, freskoa baina oso konplexua ahoan, fruta heldu ugariarekin eta zura ia agertzen ez dela. Ekoizpena oso urria da, 1.000 botila baino ez dira egiten eta.

Mahastizain eta ardogile handiak dira hiru horiek, eta nortasun handikoak. Ematen du gauza handiak egiteko gai direla, eta egiten dutenari erreparatzeko eta dastatzeko erne izango gara... Izen bitxiak baino zertxobait gehiago dira hauek, eta laster ikusiko dugu hori, oraindik hobetzeko tarte handia baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.