Badira sei urte pasatxo Mortet handia hil zela. Borgoinako handienetarikoa, bikainetarikoa. 49 urte zituen 2006ko urtarrilaren 30ean bere buruaz beste egin zuenean. Aditu askoren esanetan, mahastizainik distiratsu eta zehatzenetarikoa zen. Azken urteetan depresioak jota ibili omen zen, haren izaera obsesibo eta perfekzionista tarteko.
Haren ospe handiak bestelakorik adierazi dezakeen arren, 1992koa izan zen Mortetek ardoztatu zuen lehenengo uztaldia.
Haren izaera obsesibo eta perfekzionista horrek eraman zuen zeruetara, baina, zalantzarik gabe, esan daiteke ere haren etsairik handiena bilakatu zela era berean.
Depresioak eragindako lehenengo krisialdia 2000. urtean izan zuen. Morteten ustez, 1999ko uztaldiak emandako emaitzek porrot handia erakusten zuten. 1999ko uztaldiak emandako mahatsak inoiz Borgoinan lortutako emaitza onenak erakusten zituen, haren belaunaldiko mahastizainentzat ezezaguna. «Baina gehiegi egin nituen; beranduegi bildu nuen mahatsa; ez neukan ondo burua momentu hartan. Ez nago, ez, oso harro 1999ko uztaldia hartaz».
Denisek bere buruaz beste egin eta 11 hilabetera, Grand Jury Europeen Piamonten zen uztaldi hartako Baroloko eta Borgoinakoa ardoak dastatzeko. Italiako, Frantziako, Suitzako, Herbehereetako, Portugalgo, Espainiako eta Britainia Handiko dastatzaileek ardorik onenak dastatu zituzten, eta irabazlea Denis Morteten Clos de Vougeot aukeratu zuten. Paradoxikoa, ezta?
Denis Mortetek bere denbora guztia mahastiari eskaintzen zion. Maiatzetik aurrera, asteko egun guztietan joaten zen mahastira, baita jaiegun eta igandeetan ere. «Nire mahastiak lorategi baten antzera landuta daude. Ez dut harroa izan nahi, baina nik artistatzat daukat neure burua», zioen Mortetek. Mahastia oso handia ez zen arren, 11,5 hektarea, ekainean eta uztailean hamalau pertsonak egiten dute lan bertan. Mahatsa biltzeko garaian, aukeraketa bat egiten dute mahastian, eta beste bat, upategiko aukeraketa, mahai batean.
Ardogile moduan hiru aro edo fasetik igaro zela esan daiteke. 1993 eta 1996 bitartean, zukutzeari izugarrizko garrantzia eman zion, eta oso ardo kontzentratuak lortu zituen. 1997an eta 1998an, haren ardoak zertxobait finagoak eta dotoreak izan ziren. Eta 1999. eta 2000. urteetan, zehaztasun eta dotorezia horretan beste aurrerapauso bat egin zuen.
Mortet konbentzituta zegoen, baina 2000. urtetik aurrera eman zuen dotorezian, orekan eta fintasunean benetazko pauso esanguratsua.
Eta zer esan haren Clos de Vougeot handiari buruz? Nik sudurrean duen aberastasuna nabarmenduko nuke, haren aho sarrera lehergarria, mineraltasuna eta, guztiaren gainetik, eskaintzen duen oreka.
Elikadura. Ardoxka
Denis Mortet
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu