Elikadura. Hazkurri kontuak

Elikatze irregularrak

2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Jan-edateko norma hautsita, inauterietan sartzen gara: bestelako elikagai, ordutegi, kopuruak… Trastorno edo nahasmenduok gehien nozitzen dituena gazte jendea (neskak, batik bat) den arren, helduek eta zaharrek ere pairatzen dituzte gaitz mental horien sintomak, maiz beste gorabehera latz batekin loturik (depresioak, psikosiak, ezbeharrak). Inoiz bakan agertzen dira, bestetan taldeka elkarturik. Hona, gure Elikaduraren Hiztegi jaio gabean ikusi ditugunak:



Alkoholismoa: etanola irensteko premia larria edo, areago, mendekotasun fisikoa, abstinentzia sintomen bitartez agertzen dena, edaterik ez dagoenean;

Anorexia mentala: an-orexia, grezieraz, apetiturik eza;

Bulimia: elikagai gehiegi behin eta berriz irentsi eta goitikatzea eta, tarteka, baraualdiak egitea;

Drunkorexia, gazteek hartu berria: edarietan irentsitako gehiegizko kaloriak konpentsatzeko, janik ez hartzea;

Feedinga: bikotekideari janaraztea, baita horretara hertsatuz ere, gizendu dadin, inoiz morbido bilakatzeraino;

Gaueko jatuna: gauez jaiki eta 700 kaloria kontsumituko du gaixoak;

Hiperfagia: gehiegi jatea baina honelako gaixoak ez du erruduntzat jotzen bere burua eta ez du oka egiten;

Karpofobia: fruta hartzearen beldur izatea;

Manorexia: gizonezkoak nozitzen duen anorexia;

Merizismoa: gizakiak hausnarkariak bezala jokatzen du, jana irentsi, berrahoratu eta ostera mutxikatzea;

Neofobia eta neofilia: berria edo oraino ezezaguna den jaki oro ez jateko (haurretan ohikoa) edo jateko grina;

Ortorexia: elikagai osasuntsuak bakar-bakarrik hartzeko obsesio patologikoa;

Permarexia: beti-beti dieta egiten ari denaren itsumena;

Pika: lurra, klariona, igeltsua, txirbilak, zigarro hautsak, almidoia, kola, intsektuak… elikagarriak ez dena irensteko nahi geldiezina;

Polifagia: behin eta berriro errepikatzen den jate konpultsiboa, hozkailura-edo bisita ugari eginez;

Potomania: ura batik bat, etengabe edaten aritzeko joera eutsiezina;

Pregorexia: emakume haurdunak nozitzen duen anorexia;

Sitiomania: gaixoak sekulako elikagai pila hartu behar du une batean, ezinbestean;

Vigorexia: perfekzio fisikoaren bila dabiltzan pertsona batzuen gaitz hau anorexiaren antzekoa da; etc.

Lasai, superkontsumoak beste batzuk ere ekarriko ditu, horiek denak orain edo geroago negozio bilakatzen baitituzte botikagile multinazionalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.