Mundializazioa aurrera doa etengabe; elikaduran azkarrago, beharbada, jangaiak egunero erosten eta kontsumitzen ditugulako. Baina globalizazio hori fenomeno konplexua denez, aldekoak eta aurkakoak biltzen ditu. Aspaldi honetan bi termino (ingelesez, globalizatuta), besteak beste, agertu dira indarrez elkarren kontrako bi korronteen ikurrak adierazteko: confort food (etxeko jana) eta street food (kaleko jana).
•Etxeko jana. Betiko jan soila, tokian tokiko eta garaian garaiko lehengai merke samarrekin osatua, prestaera soil baina ez beti laburrekoa… hitz batez, tradizionala adierazten duen termino horrek dastamen-oroipena (tradiziozko zaporeak, osagai arrunten erabilera, suspertu edo indarberritzen duen janaria —frantsesez, aliment réconfortant; restaurant terminotik gertu—, ongizate, atsegin gastronomiko, norbaiten edo oroigarria, herrimina, etab.) eta etxeko jana lotzea iradokitzen du, erantzun emozional atsegina probokatzeko. Eskuarki, lipido eta gluzido soil edota konplexuez osatua dago (azukrea, arroza, garia) batzuetan nahita kontsumitzen da, oroitzapen atseginetara hurreratzeko (gizonezkoetan, batik bat) edo ezatseginetatik aldentzeko (emakumeetan, batez ere). Mendebaldeko hiritar ertainak, lanagatik orokorki, aste osoan etxetik kanpo bazkaldu behar izaten duenak du amets etxeko jana, presak, egonezinak eta zurrunbiloak ahazteko.
•Kaleko jana. Karrikako saltzaile mugikor, ohiko edo inoizkako bati, txosnan, ekoizleen azokan, ferian, erromerian etab. erosi eta, pausatu gabe, ibilian kontsumitzen dena da, eskuarki hatzekin, tresna berezirik erabili gabe eta jatetxean baino prezio merkeagoan (ogitarteko, erroskila, gaztainak). Egun, munduan 2.500 milioi gizakik hartzen dute horrelako jana, Euskal Herrian oraino ohitura biziki zabaldua ez dagoen arren. Produktuen freskotasuna dudagabekoa bada ere, higiene neurri eskasak (elikaduraren segurtasuna), elikagaien kalitatea eta prestatzeko sistema gehienetan oso ortodoxoak ez direnez, aztura hori gure artean ez da biziki ugaldu. Kaleko jana hertsiki loturik dago jan azkar (fast food), zabor jan (frankensfood), jaki eramangarri eta aperitiboekin, jateko modu desestrukturatuekin, etab.
Elikadura. Hazkurri kontuak
Etxeko jana eta kaleko jana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu