Elikadura. Hazkurri kontuak

Euskal gizartea norantz?

2012ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Lastima. Oraindik orain, premiak bultzaturik nahi baduzue, mundu osoan arrain klase gehien kontsumitu eta prestatzeko modu gehien erabili dituen herria (euskaraz mintzatu den herria orobat) izan dugu hau. Atzo goizean telebista (globalizazioa, uniformizazioa) etxean sartu eta ia-ia gurea barik utzi gaitu. Ordainetan, berriz, zer ekarri digu?

Erretzeari utzi diogu, oinez gabiltza zer edo zer, erraustegien kontrako gara, euskaraz zerbait irakurtzen dugu… Hurrengo pausoa argi dago: elikagaietatik artekariak suntsitu eta jana geu gestionatzen hastea, artekari horiek, alferrikakoak direnean, elikadura garestitu, zahartu eta iruzurtu egiten digute.

Nola gestionatu, ordea?

Begi-belarriak zabaldu eta nahi duguna, komeni zaiguna aukeratzetik hasita: gure osasunari zer komeni zaion, gure Herriko laborari, arrantzale, okin, harakin eta gainerakoek zer eskain dezaketen, zein preziotan, etab.

Gutariko askok etxetik kanpo bazkaltzen dugunez, egunean bi janari izango ditugu: behar bezain goiz jaikita, gosaria (luze, oparo, patxada ederrean hartuta) eta, oheratu baino hiru ordu lehenago, etxean guk prestaturiko «pulamenduzko afaria» (sarrera, jakia eta postrea, solasaldia, lasaitasuna…) giro goxoan. Une aproposa hori ere, ezta?

Horrela, astean behin, gutxienez, azoka edo merkatua bisitatuko dugu: zenbat eta bezero gehiago elkartu, orduan eta kalitate, prezio, freskotasun eta beste hamaikatan lehia zorrotzagoa izango dute saltzaileek.

Beste bat: guk, jateko, sardexka (eta labana) soilik baliatzen dugun arren, gure arbasoek koilara izeneko tresna zerabilten, potajeak, pureak, zopak… ahoratzeko. Agian antzinako produktu haiek berreskuratzen saiatu beharko genuke, Eskandinavian, Danimarkan, Holandan… egin duten bezala, haragia (gorria, batik bat) pittin bat bazterturik.

Bromatologo eta nutrizionista serioek: «Duela mende erdiko dieta (2.700 kaloria eguneko) dogma al dugu oraino, besoak eta oinak ez mugitu arren?»

Horretantxe laguntzen dute zopa, eltzekari, arrainek. Tripa-zorrien amorrua baretu (gosea arindu) eta osasuna ez kaltetzeaz gainera, patrika gutxiago zulatzen dute horiek.

Prestatzen ez dakigula? Laster ikasiko dugu historia unibertsaleko etxekoandre guztiek menderatu duten teknika hori aplikatzen. Astirik ez? Bezperakoak gozoagoak daude. Gainera, elikagai zahar horiek aspaldi ikasi zuten bere burua jangarri bihurtzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.