Elikadura. Hazkurri kontuak

Euskal kontsumitzailearen gogokoenak

2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Krisi ekonomika edo diru-gabezia ilun honetan, euskal herritarrak oro har (hau da, sexu, adin, diru-sarrera eta gainerako ezaugarrietatik at) prezioari begiratzen dio baina, horrez gainera, beste hainbat faktore ere lehenesten ditu, hara:

- Ustekaberik gabeko elikagaia, «betiko» ezaugarriak dituena; hori ez dena, iruzurtzat hartzen du (fruta koloretsu, berdintsu, distiratsu… baina geza, adibidez).

- Prozesu luzea nozitu ez duen elikagaia, gehigarri askorik gabea.

- Lekuan lekukoa (edo gertukoa, bederen) eta sasoian sasoikoa, freskoa.

- Etiketan ia deus ezkutatzerik ez zaionez, bertan agertzen dena hitzez hitz beteko duena.

- Jan-edan osasuntsu eta energetikoak, adin bakoitzari dagozkionak. Baina kafeinadun eta estimulagarriak oro har baztertuz doaz, pixkanaka.

- Lehengai eta osagaiak naturalak, begetala animaliazkoa baino nahiago, aukeran. Naturaltasun horri zor zaizkion bereizgarriak (osasunarentzako onura eta mesedeak) exijituko dizkio erositakoari.

- «Saski berdea» (barkatu neologismo lotsagabea) ugalduz doa: geroz eta barazki, labore, fruta, fruitu lehor eta lekale gehiago kontsumitzen dugu Euskal Herri osoan, orokorki.

- Janariak prestatzeko oliba olioa nagusitu da, kasik, besteen gainetik. Ekilore olioa frijitzeko ia bakarrik darabil sukaldeko arduradunak eta gainerakoak (koltza, soja, arto-olioa) aski alboratuak daude.

- Gurinak irabazi, margarinak (eta antzeko gantzek) galdu.

- Jatearen ondoriozko gaitz gehienen (kariesa, gizentasuna, gaitz kardio-baskularrak, diabetesa…) prebentzioari begiratzen dio 40 urtetik beherako kontsumitzaileak.

- «Gauza horiek» zer diren zehatz-mehatz ez dakien arren, erostunak nahiago izaten ditu bifidus aktiboak, omega-3 eta omega-6, isoflabonak, kaltzioa, gatz asegabeak… dituzten elikagaiak, oso-oso naturalak ez badira ere.

- Kontsumitzailearen diru-zorroa zenbat eta potoloagoa izan, orduan eta garrantzi gehiago ematen dizkio aipatutako «gauza horiei». Erosmen urrikoek ezin jaramonik egin.

Eta, berriro, prezio egokia: indaba, indabaren prezioan; txakolina, txakolinarenean. Ez pagotxarik, ez lapurretarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.