Elikadura. Hazkurri kontuak

'Gastronomika', 'k'-rekin. Eta kito.

2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Horixe omen da euskal sukaldaritzaren eta, oro har, elikaduraren oraina eta geroa, oraingo profesional ospetsuen eskuetan uzten bada. Adaxka bat perrexil apaingarri eta, automatikoki, euskaldun bihurtuko da guaiaba eta wasabiz lurrinduriko antilope afrikarra.

Egun hauetan Frantziako sukaldariek San Sebastianera, Espainiara, etorri direla diote, halaxe sentitzen dutelako, eta halaxe entzun diegu haietako batzuei. Espainia horretan bada hamaika «aberri txokotako» sukaldaritza: marmitakoa, gazpatxoa, ttoroa, paella... norberaren jakinduria, argi-emaile. Eta hemengo anfitrioiek ez omen dute presarik, ez asmorik, hau ez dela Espainia (hutsa, sikiera) adierazteko, frogatzeko, gauzak argitzeko, mugatzeko. Goxo bizi dira bolizko dorrean eta jator-jatorrak dira (euskara bultzatzearen alde ezertxo ere egiten ez dutelako, besteak beste, etsaiak ez egitearren; nahi balute, daukaten ospea eta itzala gure hizkuntzaren presentzia handitzeko balia lezaketela pentsatzen dut).

'Gastronomika' horretan euskarak ez du presentziarik izan, horrelaxe erabaki dutelako arduradunek. Areago, Euskal Herrian ezin da sukaldaritza (ostalaritza) euskaraz ikasi, ez lehen hezkuntzan, ez bigarrenean, ezta unibertsitate mailan ere. Izango litzateke nahikoa ikaslerik baina ez, ordea, irakaslerik, ezta testu libururik, ezta horrelakoak sortzeko edo trebatzeko gogorik ere. Bada 'D' ereduan inskribaturiko sukaldaritza eskola ofizial bat baina testigu xume honek, hara eginiko bisitetan, espainolez bakar-bakarrik aditu eta irakurri du. Beharbada gauzak zeharo aldatuko ziren azken hiru urte honetan, ez dakigu.

Euskal Herrian Euskaraz, Kontseiluak, Bilduk eta herritar askok, euskara suspertu beharra dagoela. EAJk, euskarak ez duela salbatzailerik behar. PSOEk eta bestek, horrekin ados. Kontsentsua, horrenbestez: tarte luze batean aurrera egiteko norabide horixe aukeratu omen digute euskaldunek, ez euskaltzaleek. Ostalaritza negozio pribatua denez, ez gara sentitzen gauzak aldarazteko beharturik, edo geure muturrak hor sartzea bidezkoa ez dela uste dugu.

Ez dakit profesional bikain horien jokaera orokorraz harro-harro egoteko motiborik dugun. Batez ere, hilerriko pioiari, lan-kontratua egiteko, euskara exijitzen zaionean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.